Mutrikuko Goienetxe baserriko gazta dastatzeko aukera emango du Geoparkeak domekan
Euskal Kostaldeko Geoparkeak Idiazabalgo gaztarik onenaren saria eskuratu duen gaztandegia ezagutzeko eta bertako gazta preziatua dastatzeko aukera eskainiko du estreinako. Hain zuzen, Karsteko zaporeak izeneko proposamena aurtengo denboraldiko berrikuntzetako bat da, bisitarien joan-etorria kostaldetik barnealdera eramateko ahaleginari erantzunez. Bisitariek Olazko bailara ezkutua ezagutuko dute, Mutrikun. Uraren higadurak sortu duen bailara da, kareharrizko piramide handien artean. Ibilbidean Goienetxe baserria ezagutzeko aukera izango dute. Artaldea ikusi, gazta egiten ikasi eta, bisita borobiltzeko, gazta dastatzeko aukera izango dute bisitariek.
Azarora arteko esperientzia Bisita honetan parte hartu nahi dutenek igandean izango dute lehen aukera, 10:00etan. Hortik aurrera, eta azarora bitarte, hilabetero hainbat aldiz eskainiko da. Interesa dutenek urte osoko egutegia kontsultatu dezakete www.geoparkea.com atarian. Taldeak mugatuak direnez, ezinbestekoa da aurrez izena ematea. Bisita gidatu honi buruzko informazio gehiago edota Geoparkearen asteburuko eskaintza osoa ere webgunean eskura daiteke. Halaber, webgunean bertan egin daiteke erreserba, modu erraz eta erosoan, baita Mutriku, Deba edota Zumaiako Turismo Bulegoetan ere.
