
Lea-Artibaiko Artzabal surf elkarteak antolatuta,
Baginarekin surfeatzen izeneko
hitzaldia emango du
Ana Urrutia surflariak
barikuan, 19:30ean, Lekeitioko kultur etxean. Sarrerak
doan eskuratu daitezke Dzingua surf dendan, edo bestela barikuan bertan 18:00etatik aurrera Azkue aretoan.
Urtetik urtera jende gehiago animatzen dela esan dute Artzabal surf taldekoek surf-a probatzera, baina edozein surf gunera hurbilduz gero apenas ikusten dela surfean ari den neskarik. Hori dela eta gonbidatu dute Ana Urrutia, “surf-a nesken kirola ere badela” argi uzteko. “Oro har ETBko Eguraldia programaren aurkezle izateagatik ezaguna bada ere eta meteorologiak eta surfak harreman estua badute ere, surflari moduan kontatzeko dituenak asko direla susmatzen dugulako gonbidatu dugu”.
Ana Urrutia, orain baino askoz jende gutxiago eta orain baino neska gutxiagok surfean egiten zuen garaian hasi zen surf-a egiten. Hamar urte zituela hasi zen olatuak hartzen eta hasieratik “harrapatua” gelditu zela dio. Txapelketetan ere parte hartzen hasi zen eta hainbat alditan Bizkaiko txapeldun, Euskal zirkuituko txapeldun eta Euskadiko Surf selekzioaren partaide izan zen. 1986an sponsorren babesa lortu zuen, Espainiar estatuan sponsor batek emakume surflari bat babestuko duen lehen aldia izanik. Bi urte geroago Europako junior mailako txapelduna izan zen, 16 urtegaz. Hamar urte zituenetik ez dio surfa egiteari inoiz utzi.