Ikusgarri aretoaren erabilera arautu du Lekeitioko Udalak
Ikusgarri aretoa erabiltzeko aukera izango dute Lekeitioko kultur eta kirol talde eta eragileek. Lekeitioko Udalak kultur aretoaren erabilera arautu du horretarako. Aretoa erabiltzeko, legez eratutako elkarteak izan behar dira antolatzaileak. Kirol taldeei dagokienez, eskariak kirol koordinatzailearen bidez egingo dira eta kirol sailaren oniritziarekin aurkeztuko dira kultura sailean.
Horrez gain, aretoa baldintza onetan mantentzeko, taldeek baimena lortzen duten momentuan 100 euro ordaindu beharko dituzte, aretoaren garbitasuna ordaintzeko.
Herriko talde eta elkarteez gainera, enpresen batzarrak bertan egiteko aukera ere zabaltzen du araudiak. Lekeitioko Udalak antolatutako ekintzak izango dute baina lehentasuna, programazioa egiterako orduan. Bestalde, Udalak Lekeitioko Zinemazale Elkartearekin hitzarmen berezia sinatu du aretoan zine emanaldi erregularra emateko.
Kultur aretoa erabili ahal izateko, Lekeitioko Udalak alokairu kontratu bat sinatu zuen 2013ko irailaren 23an Ikusgarri Aretoaren jabea den Parrokiagaz. 2017ra arte beraz, Udalak 520 metro2 dituen eta 288ko aforoa duen aretoaren erabilera osoa dauka.