Espazio eta baliabideak erabiltzeko araudia berritu du Lekeitioko Udalak
Baldintza batzuk betetzea beharrezkoa ikusten du Lekeitioko Udalak herrian egiten diren ekintzak gauzatzea posible izateko. Horretaz gainera, herriarenak diren baliabideak baldintza onetan mantentzeko, derrigorrezkoa da udalaren ustez, materialak ondo zaintzeari buruzko neurriak hartzea. Horrela, “herriko udal baliabideak eskura izateaz gain erabilera egokia ematen zaiela bermatzeko”, udal baliabide eta espazioen erabilerarako arautegiak berritu dituzte, eta horien kudeaketa gauzatzeko eskaera orriak eta prozedurak berritu dituzte. “Emaitza lez, prozedurak argiago jartzeaz gain, arauak argitu dira eta erraztasunak emango zaizkie herritarrei, on line bidez ere eskaerak egin ahal izateko”, azaldu du udalak.
Udalak araudian zehaztu duenez, espazio eta baliabideen eskatzailea beti ere herriko elkarte bat izan beharko da, baina, eskaria, elkarteko kide den pertsona fisiko baten izenean egingo da, behar den moduan identifikatuta eta adin nagusikoa. Pertsona hori izango da izan daitezkeen gora beheren arduraduna. Bestalde, elkarteek ekitaldi edo ekintza bakoitzari dagokion eskaria behin bakarrik egin beharko dute eta bertan zehaztuko dira behar diren baliabide guztiak. Arautegian zehazten da bai eta urtero errepikatzen diren ekintzek lehentasuna izango dutela ere.
Eskaerak udaletxeko harrera orokorrean egin beharko dira, kirol ekintzenak, berriz, kiroldegiaren bidez. Espazioak eta baliabideak erabiltzeko eskaria gutxienez 15 eguneko aurretiaz aurkeztuko da udaletxean, eta eskaria egiteko epea “zorrotz begiratuko duela” azpimarratu du udalak.
2013tik aurrera, gainera, Ikusgarri aretoaren erabilera ere herritarren eskura dagoenez, bere erabilera ere arautu dute. Horrela, kongresu, hitzaldi edo jardunaldietarako ere eskuragarri jarri dute aretoa. Gainera, ekitaldi zibilak egiteko aukera ere aurrikusi dute, hileta zibilak, esate baterako.