Alex Zenarruzabeitia Okela Eguneko antolatzaileetako bat kartela eskuan duela.
Bigarren urtez, herriko nekazari, elkarte, ostalari eta udalak nekazaritza kalera hurreratu eta herritarrei bertoko produktuak dastatzeko aukera eskaini nahi die. Horrela, nekazariek eta herritarrek alkar topatzeko aukera izango dute zapatuan plazabarripean egingo den azokan. Antolatzaileek azaldu dutenez, herrian eta orokorrean nekazaritzak duen egoerari aurre egiteko salmenta zuzeneko arnasgune bat izan nahi du Okela Egunak eta herri ekonomian erreferentziazko egun bat bihurtu. Horretarako, egun osoko egitaraua antolatu dute.
Azokak 10:00etan irekiko ditu ateak, eta denetara hamabost postu egongo dira plazabarripean, guztiak herriko edo eskualdeko ekoizleenak. Ortuariak, gazta, sagardoa eta txakolina, ogia eta gozoak, eztia, eta makilak egongo dira aukeran besteak beste.
12:00etatik aurrera, bestalde, ardi txakur erakustaldia egingo da Zelaian, Euskal Borderren eskutik, eta ostean, bildots pintxoen dastaketa. Iaz pintxo guztiak agortu ziren eta beraz, aurten bildots gehiago erreko dituztela aurreratu dute antolatzaileek. Horrela ba, aurten, 24 izango dira bildotsak.
17:00etan hasita zesta-punta partiduak egongo dira Uni frontoian, eta Okela Egunari amaiera emateko, erromeria egongo da 18:30ean kontzekupean Kupela taldearekin.
Herriko trikitilariek alaituko dute, bestalde, azokako giroa.