https://www.youtube.com/watch?v=BiPKKlJ7bn0
Maiatzaren 10a zen. Eta hitzordua jarrita zegoen: 12:30etan Alamedan. «Konponbide garaia» zela argudiatuta, Espainiako Auzitegi Nazionalak igorritako kartzelaratze aginduari «entzungor» egin eta Urtza Alkorta ondarrutarrak aipatutako orduan eta lekuan «herritarrekin eta lagunekin» egongo zela iragarri zuen. Ordura arte, Alkorta bilatzeko eta atxilotzeko agindupean zegoen, Espainiako Auzitegi Nazionalaren arabera.
Maiatzaren 10a zen. Eta hitzordua jarrita zegoen: 12:30etan Alamedan. «Konponbide garaia» zela argudiatuta, Espainiako Auzitegi Nazionalak igorritako kartzelaratze aginduari «entzungor» egin eta Urtza Alkorta ondarrutarrak aipatutako orduan eta lekuan «herritarrekin eta lagunekin» egongo zela iragarri zuen. Ordura arte, Alkorta bilatzeko eta atxilotzeko agindupean zegoen, Espainiako Auzitegi Nazionalaren arabera.
«Kartzelak husteko garaia» zela esan zuen Alkortak, tinko eta irmo. Eta Ondarroako Musika Plazatik behera datorren kalea hartuta, ezkutuan zegoen lekutik Alameda erdira agertu zen. Aurrez aurre topo egin zuen lagunekin, ezagunekin, kazetariekin eta kameralariekin. Txalo artean, Alkorta lurrean eseri zen. Eta momentu horretan bertan Ondarroako Aske Guneko lehenengo muinoa ezarri zen Alamedan.
Alkortak berak egun horretan esan moduan, «uste-uste barik», luzatzen joan zen eguerdiko hitzordua. Bazkaltzeko ordua pasata, arratsaldeak denetariko ekintzak egiteko denbora eman zuen. Jolasak, kontzertu inprobisatuak… Eta nola ez, antolakuntza. Izan ere, herri borondatea aldarrikapenetatik haratago ailegatu zen Ondarroan. Elkarlana, elkarlaguntza eta babesa ezinbesteko faktore izan ziren Ondarroako Aske Gunean. Momentuko egoera politiko zein soziala kontuan hartuta, ehunka herritarrek, Alkortagaz bat egin eta «planto» egin zuten. Hori bai, filosofia bakarra zen: modu baketsuan egitea.
Eragile eta agintarien babesa
Lehenengo egun horrek askorako eman zuen. Izan ere, herritarrez gain, agintari politiko eta eragile ezberdinetako ordezkarien babesa jaso zuen Alkortak. Horrela, Ondarroako alkate Argia Ituarterekin batera, EH Bilduko legebiltzarkide Maribi Ugarteburu eta Unai Urruzuno, Txerra Bolinaga Elea mugimenduko ordezkaria eta Mutrikuko alkate Joseba Palenzuela Alamedara gerturatu ziren, besteak beste.
Alkortarengain zegoen espetxeratze aginduak bere horretan jarraitzen zuen. Baina minutuak, orduak eta egunak aurrera egin ahala, harresia gero eta sendoago zihoan. Alkorta babesten zuen borobila Euskal Herrira zabaltzen zihoan.
Hasiera-hasieratik, Donostiako Aske Gunetik etorritako laranja kolorea, Aske Gunearen ikurra, Ondarroa osora hedatzen bazegoen ere, egunez egun, laranjak gero eta biziagoa izaten jarraitzen zuen.
Herri harresitik zubi harresira
Bigarren egunean izan zen baina, herri harresia zubi harresia izatera pasatu zenean. Izan ere, Plaiko Zubia, Ondarroako Alamedan dagoen historiaz betetako zubi berdea, Ondarroako harresiaren ikur bihurtu zen Aske Guneak iraun zituen egunetan.
Bigarren egun horretan piztu zen lehenengo alarma gorria. Maiatzaren 11n, 12:30ean, turrunak jo zuen. Ertzainetxean mugimendua zegoela-eta, herritarrek hotzean pentsatu eta hasiera-hasieratik planteatutako filosofiari eusteko mezua jaso zuten bozgorailuetatik.
Dinamika berdina izan zen hurrengo egunetan. Prentsaurrekoak, manifestazioak, elkartasun ohiuak, harresiak eriki,…Alkortak berak esan zuen, inoiz pentsatuko ez lukeen babesa jasotzen ari zela. Izan ere, hasiera baten ondarrutarrak nagusi ziren plazara, Lea-Artibaiko eta Euskal Herri osoko herritarrak gehitu ziren.
Alkortak berak esan zuen, inoiz pentsatuko ez lukeen babesa jasotzen ari zela. Izan ere, hasiera baten ondarrutarrak nagusi ziren plazara, Lea-Artibaiko eta Euskal Herri osoko herritarrak gehitu ziren
Alarmaz alarma, ekitaldiz ekitaldi, erresistentziak aurrera jarraitzen zuen. Baina Urtza Alkortak hantxe jarraitzen zuen. Nekatuta, baina hantxe. Bere inguruan gazteek, nagusiek eta adinekoek indarra ematen jarraitzen zioten.
Maiatzaren 15a
Maiatzaren 15a heldu zenean, Ondarroako Aske Gunearen indarra ikaragarria zen. Turrunak etengabe pizten zuen alarma, hura aldiz, azken eguna zen. Euria ari zuen eta goizaldeko 05:00ak ziren. Euripean egoteko arropa jantzi, aurretik turrunak jo izan zuenean egindako pausoak errepasatu, eta Plaiko Zubia jendez betetzen hasi zen. Alkorta erdian ipini zen. Hain zegoen jendetza ze, zubia jendeak estaltzen zuela. Zubiaren albo banatan jendetzak oztopatzen zuen pasabidea.
Uretatik zein errepidetik, Ertzaintzaren 30 furgoi baino gehiago agertu ziren minutu gutxitan. 300 ertzainek parte hartu zuten operazio polizialean. Eta paisaje horren aurrean, herritarrek tinko egoten jarraitzen zuten. Eskutik helduta edota zubiaren barandari kolpe eginda. Edonola, baina helduta. Helburua bakarra zen: ertzainak Alkortarengana ez ailegatzea.
Egunak argitzen zuen bitartean, Arrigorritik, Itsasaurreko plazatik zein etxeetako balkoietatik dena ikusten zeudenen aurrean, ehunka herritarrek harresiari eutsi zioten, gogotik. Alkortarengana heltzeko Ertzainek zubi harresia apurtzen zuten bitartean, kolpeak eta jipoiak ere egon ziren.
Bi ordu. Horixe izan zen zubi harresia austen hasi eta Alkorta atxilotuta geratu zenera arte igarotako denbora tartea.
Isilarazita, furgoian sartu zuten Alkorta eta Zaballako espetxera eraman zuten. Elkartasun oihuak, aldiz, ez ziren isilaraziak izan. Oraindik orain, Alamedak oihu egiten jarraitzen du eta.
Maiatzaren 15eko 08:00etan atxilotu zuen Ertzaintzak Urtza Alkorta; ondarrutarra nekatuta baina indartsu zegoen
Zaballatik Extremerako kartzelara eroan zuten. Eta ordutik, bertan dago ondarrutarra. Hurrengo urteko azaroan aldiz, kalean beharko luke.
Minutuetatik egunetara
Hasiera baten indarrak batzeko hitzordu bat zena, herri baten indarraren erakusle bihurtu zen. Alameda aldarrikapenen gune bihurtu zen. Ustez minutuak iraungo zituen eserialdia egunetara luzatu zen. Eta elkartasun tantak olatu bihurtu ziren.
Maiatzaren 10etik 15era, Ondarroako Aske Gunea indarra hartzen joan zen, minutuz minutu, orduz ordu eta egunez egun. Eta oraindik indartsuago egin ziren herritarren elkarlana eta elkarlaguntza. Bost egun iraun zituen Aske Guneak. 117 ordu.
Asko eta asko dira bost egun horietan bizitakoa luzaroan ahaztuko ez dutenak. Oroitzapen guztien artean, aldiz, bakarra gailenduko da: 2013ko maiatzaren 10etik 15era Ondarroako Alamedan lortutakoa betiko geratuko da.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.