Maiatzaren 24an Ondarroan «antxoa berme osoz» jateko gonbitea egin dute

Goian, Iker Allur, Leandro Azkue,, Eusebio Arantzamendi;
behean, Rikardo Beitia, Jose Antonio Agirreoa eta Iñaki Solabarrieta
Guztiei dei egiten diegu etortzera, herrikoiei eta kanpokoei», esan du Rikardo Beitia kultura zinegotziak.Guztira tona bat antxoa inguru erabiliko dituzte jaiegunean: elkarte gastronomikoak goizean goiz hasiko dira pintxoak prestatzen, eta zuzenean ere egongo dira aukeran, herriko hiru gunetan: alde zaharrean, Kantoipe errebueltan eta Alamedan. Aldaketa bategaz etorriko da pintxo dastaketa: arratsaldean izan beharrean, eguerdian egingo da, 12:00etatik 15:00etara, «momentu egokiagoa dela» iritzita. Zazpi eratan sukaldatuko dira antxoak: arrautza eta irinetan pasatuta, pudingean, frijituta, ozpinetan, xerretan, kroketetan eta tortillan. «Ozpinetan emango ditugunak, aurretik izoztu egingo ditugu, eta gainerakoak ondo prestatuko ditugu». Jaurlaritzaren babes osoa Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendariak babes osoa eman dio Antxoa Egunari, eta sektoreko ordezkariekin batera «arrantzaren defentsan» jarraituko dutela adierazi du. «Kanpaina ondo-ondo hasi zen apirilean, eta oso ondo jarraitzen du. Martxa honetan jarraituz gero, uste dugu maiatza amaierarako Espainiari dagokion kupoa bete egingo dela». Jose Antonio Agirreoa kontserba gizonak, bestalde, erakundeen laguntza eskatu zuen kontserba fabrikek bizi duten egoerari buelta eman ahal izateko. «Merkatuak zabaltzeko laguntza behar dugu. Antxoaren debekuak eta aurreko urteetako antxoa faltak kalte handia egin digu. Kantaurikoa da mundutik antxoa onena, udaberrikoa». Ondarroako Udalak ere babes osoa emango dio ospakizun egunari. «Guztiei dei egiten diegu etortzera, herrikoiei eta kanpokoei», esan du Rikardo Beitia kultura zinegotziak. Aurtengo berrikuntzen artean, bi dira aitagarriak: bata Kukuxumuxuk jaiegunerako diseinatutako kamiseta da. «Herriaren muina agertzen da kamisetan, lehengo kofradia, lehengo ontzien amarratze lekua. Herriaren historia jaso nahi izan dugu». Bigarren berrikuntza modura, Antxoa Egunean kantuari emango zaion leku aitagarria: Unanue Musika Eskolak abestia prestatu du. Hori ez eze, jaiegunean bertan, kantuak hartuko ditu herriko bazterrak, Ondarroan kantuak betidanik izan duen garrantziaren isla.«Musika eskolako umeei antxoaren eta itsasoaren kultura zelan helarazi pentsatu genuen, eta sasoi batean Ondarroan eta kostaldean kantatzen ziren kantak bilatzen hasi ginen. Musika ipini diegu, eta gure helburua da antxoa egunean herritarrekin batera abestea», azaldu du Iker Allur musika eskolako zuzendariak. Kantujira Kantaizegaz Kantaize Orfeoikoek Kantujira antolatu dute. «Antxoa Eguna dela eta, aitzakia polita iruditu zaigu ondarrutar izaera kantaria berreskuratzeko Kantujira bat antolatzea. Herritar guztiak nahi ditugu gonbidatu gugaz batera kantatzera», adierazi dute Kantaizekoek. Horretarako, jendeak eurekin abes dezan, Kresal Usainean kantari liburuxka osatu dute euskal kostaldeko 54 abestikin. Euro baten truke eskuratu ahalko dira liburuxkak. XIII. Antxoa Eguna EGITARAUA 12:00. Jaiaren hasiera hiru turrunekin. Elkarte gastronomikoek milaka pintxo dastatzeko aukera emango dute; Ondarroako kontserben salmenta; kontserba fabrika baten erakustaldia; Kantaize Orfeoia kalerik kale ibiliko da kantuan, herritarrekin batera. 12:30. Zumaia-Ondarroa bela ontzien lasterketaren amaiera. 13:00. Musika eskolako haurren kantu emanaldia Likona dorrean. 14:00. Musika eskolako haurrenemanaldia Zubi Zaharrean. Jarraian. Antxoa Eguneko omenduari aitortza: Arrantza Eskola izango da omendua. 20:00. Kale diskoteka alde zaharrean. 20:30. Andra Mari elizan, euskal kantu berrien gala lirikoa. 22:30. Kontzertua gaztetxean. Antolatzailea Radixu Irratia. Sarrera: 3 euro.