
Ontziteria, portuan amarratuta, gaur goizean
Antxoa kanpaina ondo hasi zen, eta ondo jarraitzen du. Joan den astean anisakisaren inguruan sortutako “nahasmenak”, dena dela, arrandegietako salmentetan eragina izan du, antxoa txikiaren kasuan. Azken egunetan, dena dela, tamaina handiagoko antxoa ekarri dute Ondarroako Kalare Deuna kofradiara, eta horri esker, emaitzak ez dira txarrak izan. “Arrain handia etorri da, eta horrek salbatu gaitu”, esan du kofradiako benta arduradunak. “Mamarru hori beti egon izan da; gauzak betiko moduan egin behar dira”. Herenegun eta atzo ekarri zuten antxoa Ondarroara, herenegun 71 ontzik eta atzo 60k. 27 garautik 40 garau artekoa izan zen, gehien-gehiena 33-35 garau artekoa. Txikiena 1,20-1,30 eurotan saldu zen bentan; handiagoa 7 eurotik gora. “Harrapeketen %90 kontserba fabrikek erosi dute”. Gaur goizean 800 kaxa antxoa besterik ez dituzte porturatu. Eguraldi txarra izan dute gauean, eta gaur goizean ontzi guztiak zeuden portuan amarratuta.
Bandera biharko eta astelehenerako
Horrela jarraituko dute datozen egunetan ere. Izan ere, bandera ipini dute biharko eta astelehenerako, arrantzaleek hala eskatuta. Eta baliteke datorren asteko beste egunen batean ere ipintzea. Kupoari lotuta egin dute eskaera hori. Izan ere, orain arteko kanpainako datuak mantenduz gero, maiatzaren amaierarako beteko litzateke Europak Espainiar estatuari ipinitako 15.000 tonako kupoa. “Ekainaren erdira arte luzatu nahi genuke kanpaina, hegaluze kanpainatik ahal denik eta gertuen”.
Antxoaren inguruan sortu den kezkak hegaluzearen prezioan eragin du. “Joan den astean baino prezioa hobea egin du”. ·,80 euro egin ditu kiloak, bataz beste. Txitxarro beltza ere ekarri dute arrantzaleek, tamaina handikoa. 1,50 eurotik 1 euro bitarte saldu da.