Bizkaiko Trainerilla Txapelketa jokatuko da zapatu-domekan Ondarroako uretan
Zapatuan 16:00etan hasiko dira sailkapen estropadak; domekan, 11:30ak aldera hasita erabakiko dira Bizkaiko txapeldunak, gizonezko gazte, gizonezko senior eta emakumezko absolutu mailetan. Hiru tanda jokatuko dituzte, hortaz, domekan: gizonezko gazte eta nagusietan bost trainerilla izango dira azken txanpan; emakumezko absolutuen kasuan, hiru: Kaiku, Getxo eta Ondarroa. “Ondarroa izan da estropada guztietan emakumez osoturiko trainerilla eduki duenak. Getxok eta Kaikuk talde mixtoak osotu izan dituzte”, esan du Gorka Elordi Ondarroa Arraun Elkarteko lehendakariak. Faboritoak getxoztarrak dira.
Gizonezko nagusien mailan, berriz, Bermeo, Kaiku eta Zierbenaren artean egon liteke txapelduna. Isuntzak ere aukera asko dauzka finalean sartzeko. Ondarroa, Elantxobe eta Santurtzik ere bost onenen artean egoteko lan egingo dute. Gazteen mailan, berriz, ondarrutarrek aukera handiak dituzte txapelketa eskuratzeko. Portugaletek eta Mundakak ere denboraldi oso ona egin dute, eta faboritoen artean daude.