
Ikusgarri aretoko zine emanaldiek aurrera egitea lortu dute Lekeitioko Zinemazaleek bazkideen eta udalaren laguntzagaz. Proiektua ekonomikoki bideragarria izateko, Zinemazaleen Elkarteak gutxienez 400 bazkide lortu behar zirela ikusi zuen eta horrela hasi zuten bazkide kanpaina. Herritarrek besoa luzatu eta 532 herritar bazkide egin dira. Hori horrela, udalak 23.000 eurotako dirulaguntza eman dio elkarteari zine proiektorea erosi ahal izateko. Udala eta Zinemazaleak bilera izan dute gaur proiektore berria ikusteko, eta bihar, Zinemazaleek proiektorea herritarrei agertzeko asmoa dutela jakitera eman du udalak.
Zinemazaleen elkarteak egindako lana goraipatu du udalak. “Beste behin ere lekeitiarrok erakutsi dugu elkarlanean eta gogoekin, herritik eta herritarrentzat egindako proiektuak posible direla”.