
Juanito Urkizuk (beheko lerroan, eskuman) hainbat garaipen lortu zituen Athletic taldeagaz.
Ondarroako Udalak
Kirolariak Historian Zehar deritzon ekimena egingo du hirugarren urtez jarraian. Bertan,
Juanito Urkizu futbol jokalariari eta entrenatzaileari buruzko ikerketa bekarako deia egitea erabaki du Ondarroako Udalak. «Juanito Urkizuren bizitza eta bereziki kirol arloan izan zuen ibilbide luzearen ingurukoak jorratu beharko dira beka horretan», azaldu dute.
Proiektuari dagokionez, azterlana eta memoria
euskara hutsean burutuko beharko dira eta diru zenbatekoa
3.000 eurokoa izango da. Beronen iraupena, gehienez, sei hilabetekoa izango da. Interesatuek eskaria egiteko eskabide orria, Kirol Sailean eskuratu behar dute.
Futbolaririk onenetarikoa
Hain zuzen ere, Urkizu Ondarroak izan duen «futbolaririk onenetarikoa» izan delako aukeratu du Ondarroako Udalak.
«Ikerketa lan honek bere ibilbide luzea hobeto ezagutzeko aukera emango ditu, dudarik gabe, Ondarrutar guztioi», gaineratu dute Udaletik.
Jokalari legez hainbat talde garrantzitsutan jokatu zuen Juanito Urkizuk. 1922tik 1927ra
Osasunako jokalaria izan zen, eta 1927tik 1930era
Real Madriden ere jokatu zuen ondarrutarrak. Garai hartako kroniken arabera, Santiago Bernabeu berak Ondarroara etorri behar izan zuen Urkizu fitxatzera. Horrez gain, internazionala ere izan zen Espainiako selekzioagaz.
Talde garrantzitsu horietan aritzeaz gain, batez ere, Bilboko
Athletic taldean lortu zituen emaitzarik onenak,
jokalari eta entrenatzaile moduan, hurrenez hurren.
Jokalari moduan hiru liga eta hiru kopa irabazi zituen; 1930-1931ko, 1933-1934ko eta 1935-1936ko ligak irabazi eta 1930-1931ko, 1931-1932ko eta 1932-1933ko kopak.
Entrenatzaile legez, aldiz,
liga bat, hiru kopa eta superkopa bat ere lortu zituen Bilboko taldeagaz; 1942-43ko liga, 1942-1943ko, 1943-1944ko eta 1944-1945eko kopak eta 1942-1943ko superkopa.
Bigarren bekaren hitzaldia
Dina Bilbao eta
Ondarroako Arraun elkartearen historia izan dira beka honen bi aurrekariak, hain justu.
Lehen kasuan, Tolosako Nagore Salaberria izan zen bekaduna eta bigarren bekaduna, aldiz,
Lore Bengoetxea ondarrutarra izan da. Ondarroako Arraun elkartearen historiari buruzko egindako lana
hilaren 29an aurkeztuko du Kofradi Zaharrean egongo den hitzaldian.