Afrika zabaldu II ekimena ospatuko da zapatutik datorren martitzenera bitartean Markina-Xemeinen. Haurralde Fundazioak eta ASEMA elkarteak Afrikako zinea eta kultura ezagutzera emango dituzte jai, emanaldi eta erakustaldien bidez. Afrikar kontinentearekiko ikuskera positiboa sustatzea eta zinema hegemonikoaren bazterrean sortu diren arrazoibideak nabarmentzea da helburua, emakumeen ikuspegitik egindako interkulturalitate eta integrazioaren irudia sustatuz.
Hitzaldi eta zine forum bi izango dira ekimenaren ardatza, bai eta afrikar maskaren erakusketa ere. Afrikar artearen kolore biziak eta aniztasun itzela islatzen duten lanak ikusgai egongo dira astelehenean eta martitzenean 10:00etatik aurrera Uhagon kulturgunean. Maskarak, Afrikako zenbait etnietatik datoz eta hainbat zeremoniatan erabiltzen dituzte: hileta errituetan, iniziazio edota ugalkortasunekoetan, esate baterako.
Zine emanaldiak eta hitzaldiak, berriz, kultur aretoan izango dute lekua. Princesa de Africa, Deweneti eta Binta y la gran idea filmak emango dituzte zapatuan eta domekan, eta Alberto Lopez teknikariak dinamizatuko ditu osteko eztabaida guztiak.
Asemak eta Haurralde Fundazioak hezkuntza zentroetara ere zabalduko dute ekimena. Beraz, tailerrak egingo dituzte ikasgeletan ikasturte amaierara bitartean. Afrikako errealitate, borroka, aniztasun eta aberastasunagaz zerikusia duten gaiak jorratuko dituzte film laburren bidez.
EGITARAUA:
- ZAPATUA
13:00. Kalejira ASEMAk Artibai kalean duen egoitzatik hasi eta udaletxe aurreraino.
16:00. Zine Foruma Princesa de Africa kultur aretoan. Filmak emakumeak protagonista dituen maitasun, musika eta dantza istorio bat kontatzen du.
18:00. Hitzaldia, kultur aretoan Alberto Lopezek dinamizatuta.
- DOMEKA
18:30. Zine foruma: Deweneti, 7 urteko ume baten istorioa kontatzen duen filma, eta umeek eskolara joateko duten premiari buruzko Binta y la gran idea filma emango dituzte kultur aretoan. Ondoren hitzaldia.
- ASTELEHENA ETA MARTITZENA
10:00. Erakusketa: Afrikar maskarak, Uhagon kulturgunean.
- EKAINAK 20RA ARTE
Afrika Ikasgeletan.