Larriki gaixo dauden presoen egoera “jasanezina” dela salatu du Etxeratek
Gaixotasun larriak dituzten presoen senideek “alarma gorria pizteko ordua” dela esan dute gaur, Gasteizen. Berba zehatz horiek esan dituzte Nagore Lopez de Luzuriagak eta Urtzi Errazkinek Etxerat elkartearen izenean. Egun, hamabi euskal presok gaixotasun larriren bat dute, tartean dago Ibon Iparragirre preso ondarrutarra, eta haren egoera “oso larria” dela adierazi du Angelita Burgoa Iparragirreren amak.
Hamabi preso horien egoerak kartzelan “okerrera” egin duela ohartarazi dute. “Egoera jasanezina da, eta etenik ez duen eskubide urraketa gure eguneroko ogia da”. Era berean, Espainiako eta Frantziako gobernuek “mina eta samina luzatzeko erabaki politikoa” hartu dutela salatu dute. Azpimarratu dutenez, 2008tik 2011ra bitartean hamabi presori eman zieten espetxeratze arindua, eta, aldiz, azken hiru urteetan hamalau eskaeretatik bakarra onartu dute. “Argi dago presoak ez kaleratzeko erabakia erabat politikoa dela eta euren eskubideak edo osasun egoerak ez direla kontuan hartzen”.
Burgoaren esanetan, Ibon 100.2 etxe kartzelan egon zen denboraldian haren osasun egoerak nabarmen onera egin zuela azpimarratu du. Hala nola, Basauriko kartzelatik irten zuenean 51ean zituen bere defentsak, eta etxe kartzelan egon den bi urteetan, lehengo tratamenduari berrekinda, 400 ingurura pasa zirela aitortu du eta Basaurin preso egon zen hilabetean, defentsak 134ra arte jaitsi direla ere nabarmendu du. “Navalcarneron daraman denbora guztian ez dakigu bere osasun egoera zelakoa den. Eguna pasa eta eguna etorri, urduri gaude, ez dakigu zer pasatu behar zaion, eta guri ez digute inolako azalpenik ematen. Gau eta egun zain gaude zer edo zer txarragoa gertatu al zaion”, azaldu du arduratuta.
Burgoarekin batera Cristina Garcia eta Kontxi Gonzalez egon dira, Ventura Tomeren eta Txus Martinezen bikotekideak, hurrenez hurren.