Laugarren urtez jarraian, Mutrikuko
motz-motzian film laburren lehiaketara aurkezteko epea zabaldu du
Mutrikuko Zine Forum Taldeak, Biarko Ekoiztetxeak eta INKS-ek, Karenka eta Mutrikuko Udalaren laguntzarekin. «Mutrikuar guztiei zinema euskaraz egiteko gonbidapena luzatzen diegu. Kamera bat edo telefono mugikor bat hartu eta 10 minutu baino gutxiagoan istorio bat erakusteko aukera paregabea luzatzen dugu aurten ere», azaldu dute.
Film laburrak aurkezteko
epea ekainaren 14an amaitzen da, eta aurkeztu nahi diren
lanak Kalaputxiko postontzian utzi beharko dira. Era berean, ekainaren 14an bertan, film laburrak eskura emateko aukera ere egongo dela nabarmendu dute antolatzaileek, 10:00etatik 13:00etara Kalaputxiko egoitzan bertan.
Euskara hutsean
Mutrikuarra den edo Mutrikun bizi edo ikasten duen edonork parte hartu dezake Motz-motzian IV. lehiaketan.
Lanen
gaia librea izango da eta, hauek euskara hutsean aurkeztu beharko dira. Horrez gain,
10 minutu baino gutxiago iraun behar duten filmak
bakarka edo taldeka ere aurkeztu daitezkeela azaldu dute antolatzaileek. Hala eta guztiz ere, bakoitzak
gehienez film labur bat aurkeztu ahal izango du. Aurkezteko formatuari dagokionez,
DVD-Bideo formatuan aurkeztu beharko dira.
Urtero egin bezala, ekainaren erdialdera, jasotzen diren lan guztiekin emanaldi berezia egingo da Mutrikuko Zabiel Kultur Etxean eta ekainaren amaiean sari banaketa egingo da, leku berean.
Sariei dagokionez, Xiri saria, herriaren saria eta sari berezia emango dira. Lehenengoa, lehiaketaren epaileek erabakiko dute, eta, bigarrengoa, emanaldira joango den publikoak bozketa bidez aukeratuko du. Azkenik, emanaldi egunean aurkeztu den sari berezi bat ere banatuko da. Aurten, gainera, ez da adinik kontuan hartuko.
Bertara aurkeztu nahi dutek motz.motzian@gmail.com edo mutrikukozineforumtaldea@hotmail.com helbideetara idatzita lor dezakete informazio gehiago.