23. Pedro Maria Unanue Musikaldiaren barruan,
zapatuan,
kantaldi lirikoa egingo da
Ondarroako Andra Mari elizan. 20:00etatik aurrera,
euskal kantu liriko berriak deritzonaz gozatzeko aukera egongo da.
Kantaldi liriko horretan, gaur egun, punta-puntan dabiltzan musikariek parte hartuko dute. Horrela ba,
Marta Velasco Urquia mezzosopranoak,
Ana Otxoa Pando sopranoak eta
Mikel Zabala Zaragoza baxuak kantaturiko euskal abestiak entzuteko aukera egongo da,
Juan Jose Ortega Pajaresek
pianoan lagunduta, .
Maila handiko musikariak egongo dira, beraz, Andra Mari elizan. Velascok, esate baterako, Bilboko Goi mailako musika kontserbatorioan saxofoi eta kantu ikasketak egin zituen, hurrenez hurren. Goi mailako abeslari bezala hainbat obra interpretatu ditu; Purcellen Dido eta Enea operan, esate baterako.
Otxoa soprano bilbotarrak, ostera, Jesus Aranbarri kontserbatorioan egin zituen bere musika ikasketak. Musika ikasketak Donostiako Musikenen osatu zituen Kantuaren goi mailako titulua eskuratuta. Artista askorekin egin du lana eta operaren eremuan, Sevilla hiriko Nuevas Voces deritzon lehiaketako lehen saria irabazi zuen. Horrez gain, hainbat operatan ere parte hartu du.
Mikel Zabalak, bakarlari legez, aldiz, 2011ko abenduan egin zuen debuta Alfredo Krausen AMAK Fundazioarekin. 2013an, berriz, W.A. Mozarten requiema abestu du Euskal Herriko Kammerphilharmonia eta Kup abesbatzarekin batera.
Juan Jose Ortega piano joleari dagokionez, goi mailako piano-ikasketak ditu. Hainbat grabazio egin ditu: TVErentzat Guridiren obrak, eta RNErentzat, adibidez, hainbat euskal egileren obrak intepretatu ditu Errenteriako 23. kultur astean.
Bi zatitan banatua
Zapatuan Andra Mari elizan ez eze, Euskal Herriko hainbat txokotan eskainia izan da, azkenaldian, Euskal kantu liriko berriak deritzon kontzertu hau. Esate baterako, Bilboko Arriaga antzokian ere izan da laukotea.
Bi zatitan banatuta eskainiko da kontzertua, eta denetara,
14 kanta, zazpina kanta zati bakoitzean, interpretatuko dituzte Otxoak, Velascok eta Zabalak, Ortegak pianoan lagunduta.
Abeslariak
bakarka eta binaka ariko dira kontzertuan. Lehen hiru kantuak, esate baterako, bakarka egingo dituzte eta ondorengoak bakarka edo binaka. Bi zatitan banatuta, hala nola, J.M. Beobideren, Iparragirreren, Aita Donostiaren, H. Extremianaren eta hainbat euskal kantu herrikoi entzuteko aukera egongo da.