Gazte izatea ez da oso erraza Lea-Artibai eskualdean, hori uste dute behintzat, eskualdeko gazteek. Hau da, bigarren edo hirugarren maila batean daudela uste dute. Eskaintzen diren zerbitzuak ez daude beraien ustez, gazteen gaur egungo egoerara moldatuta: aisialdirako ez dago erraztasunik, lana aurkitzeko ere ez, eta etxebizitzari dagokionez «hobe ez sartu gai horretan», diote.
Gizarte osoarentzat da garai gogorra. Krisiak langabezia, soldaten murrizketa, eta langileen eskubideen gutxitzea ekarri ditu besteak beste, eta gazteentzat egoera oraindik ere gordinagoa da, baina horretaz inor ez dela ohartzen iruditzen zaie gazteei. «Normalean, gazte batek zerbait egin nahi badu bere kabuz aurkitu behar du hori egiteko bidea eta bide hori askotan oztopoz josita egoten da».
Eskualdeko herri txiki edo handi batean bizi, gazteen egoera desberdina da. Herri txikietako gazteak normalean ondoko herrietara hurbildu behar izaten dira euren aisialdia asetzera, «gure herrietan ez dagoelako edo egokia ez delako eskaintzen den zerbitzu hori».
Egunerokotasunari aurre egitea, beraz, ez da erraza izaten gazteentzat eta herri txikietan bizi direnentzat gutxiago.
Gazteak elkarregaz egoteko lekuen faltan ere aurkitzen dira. Herri batzuetan gaztetxeak dituzte eta horrek, behintzat, gazteak biltzeko aukera bat ematen duela uste dute. «Gaztetxekoek beraien artean erabaki dezakete zer nolako aisialdia nahi duten, zer egin beraien egunerokotasunagaz». Baina beste herri batzuetan ez dago horrelakorik eta taldeka sakabanatuta egoten dira lokaletan sartuta, herriko beste gazteekin harremanik eduki barik, mankomunean dituzten kezkak, arazoak, aisialdia, eta ideiak kontrastatu barik, beste gazteren bat euren egoera berdinean ote dagoen jakin barik.
Diagnostikoa
Katuak mina jan izan balie modura egon dira gazteak, ixilik. Baina orain hitz egiteko aukera ailegatu zaie.
Herri desberdinetako gazteen errealitatea, gaur eguneko egoera, aisialdia, lana, harremanak, egunerokotasuna…..ezagutu ahal izateko Lea-Artibaiko gazte diagnostikoa jarri dute martxan Lea-Artibai Amankomunazgoak eta eskualdeko udalek. Katuk miñe jatzu? Lea-Artibaiko gazte diagnostiko parte hartzaileak, gazteak berpiztu nahi ditu, zein egoeratan dauden konturatu arazi eta behingoz hitz egitera eta zer pentsatzen duten esatera animatu: gazteak aktibatu.
Gazteen errealitatera hurbildu nahi dute eskualdeko udalek, baina modu parte-hartzailean, eta beraz, gazteek eurek erabaki eta landuko dituzte gazte alorrean ezarri beharreko ildo orokorrak. Horrela, gazteen egoera gazteen beraien ahotik ezagutu ahalko da. Beraz, gazteak erdigunean jarri eta beraiek protagonista bihurtuz, gazteen interes, iritzi, kezka eta arazoak identifikatu nahi dira, bide batez, gazteen arteko sareak ere indartuz: etorkizuneko ametsak, gaur eguneko egoeraren kritikak, eta udalaren inguruan dituzten pertzepzioak besteak beste.
Eskualdeko 14 eta 30 urte bitarteko edozein gaztek parte hartu ahal du diagnostikoan. Gazteak parte hartzeko inkestak bete ditzakete internetez edo herrietan dauden buzoietan aukera desberdinak dituzte: mezu labur lehiaketak mezu bat idatzi eta sari bat irabazi edo maiatza eta ekainena zehar egingo diren gazte batzarretan parte hartu dezakete esate baterako.
Parte hartzeko
Ikasturte hasieran hasi ziren proiektuaren sukalde lanekin. Eskualdeko herri desberdinetako gazte talde bat elkartu eta proiektuaren diseinuagaz hasi ziren. Proposatu ziren ekintzak gazteekin beraiekin batera diseinatu dituzte eta talde polita eta langilea aritu da lanean. Gazteen behar, interes eta arazoetatik hasi dira garatzen lana, eta eskualdeko gazte eta gazte eragileez gain, udaleko arduradun politikoak eta bitartekaritza lana egiten duten Bizkaiko Urtxintxako kideak ere beharrean murgilduta ibili dira.
Sare sozialetan ere jarraipen handia daukate, ia 250 gazte, eta apurka-apurka ikastetxe eta sarearen bidez inkestak ere betetzen dihoaz.
Mezu lehiaketa bat ere jarri dute martxan eta bere bidez gazteen parte hartzea berpiztea eta sustatzea lortu nahi izan dute: gazte bakoitzari zer uste duen esateko askatasuna eta aukera ematea.
Maiatzaren erdian amaitu den mezu laburren lehiaketan gazteek 140 karaktereko mezuak bidali behar zituzten Lea Artibain zelan bizi diren azalduz. «Era guztietako mezuak izan dira, edozein gairen ingurukoak». Orain, jaso diren mezu guztien artean lau sari banatuko dituzte: Aulestiko aterpetxean asteburu pasa hemeretzi lagunentzako, Amorotoko kontzertuetarako sarrerak sei pertsonako bi talderentzat, eta Gababusean joan etorria eta piragua ibilaldia.
Lehiaketagaz gazteen iritzia jasotzeaz gain, prozesuan gazteak parte hartzera animatu nahi izan dituzte.
Udalek eta Amankomunazgoak ikasturte honetan diagnostikoa egin eta gazteen iritzia jaso nahi dute, hurrengo urteetan gabezi, arazo eta interes horien araberako ekintza, proiektu eta programak planifikatu eta martxan jartzeko. Gazte diagnostikoa eta ondorioak uztailerako egongo dira, ordura arte baina, gazteek euren iritziak partekatu eta dituzten egitasmoen berri emateko aukera izango dute, katuak benetan mina jan orduko.