Horrelakoak izan beharko lirateke rallye guztiak» zihoen pozik III. Lea-Artibai Rallyan parte hartu zuen auto-gidariak. Nekea erakusten zuen bere aurpegiak, baina asko kostatzen dena lortzeak ematen duen gogobetea irudikatzen zitzaion aurpegian. Hantxe zegoen bere autoa, amaierako parke itxian, rallytik bizirik atera ziren zorioneko beste 30ekin batera.
Bi egunetan burutu da aurten Lea-Artibai eskualdea zeharkatzen duen automobilismo proba. Egun bi, hamabi tarte, 88,42 kilometro kronometratu eta 278,45 kilometro guztira. Denetara 56 autok parte hartu dute eta euretatik 21 bidean geratu dira. Rally luzea eta gogorra izan da, baina pilotu eta kopilotuek gustuko duten modukoa: zaila eta polita.
Ibilbideagaz bezain pozik geratu dira parte hartzaileak antolakuntzagaz. Ez da harritzekoa, horrelako rally batek hilabete askotako lana eskatzen du. Lo gutxi egindako gau asko eta asko.
Lan asko
Federazioko beharginak batuta ia 200 lagun ibili dira III. Lea-Artibai Rallyaren antolaketan. Ibilbideak zehaztu eta baimenak eskatzea izaten da lehendabiziko lana, baina horren atzetik beste asko dator. Tarte berriak sartu dituzte oraingoan eta beraz, rutometro berria egin dute. Liburu sendo horretan, zehatz-mehatz azaldu dituzte tarte bakoitzaren bihurgune, malda eta errepidearen berezitasun guztiak.
Behin ibilbideak aukeratu eta rutometroa eginda, auzokideekin ere egon dira antolatzaileak rallyak inguruko bizilagunei ahal denik eta eragozpen gutxien sortu ahal izateko.
Errepideak seinaleztatu, irteera eta amaiera podiumak prestatu eta dokumentazio guztia prestatu, eskatu eta bermatzea ere bada antolatzaileen lana.
Pilotu eta kopilotuak
Rallyko parte hartzaile guztiek bete beharreko lehenengo lana izango da egiaztapen administratiboak egitea. Rallya hasi baino ordu asko aurretik egin beharreko lana dute hori. Lea-Artibai Rallya esate baterako 16:30ean hasi zen, eta 10:45ean hasita, talde bakoitza bere orduan, Etxebarriko udaletxean aurkeztu zen dokumentazio guztia eskuan zuela.
Federazioko bi lagun egoten dira, normalean dena ziurtatzen, eta den dena ondo dagoela bermatzen dutenean, baietza ematen diote parte hartze orriari.
Ostean, gidariek, euren kotxeak egiaztatu behar dituzte. Horretarako beren beregi prestatutako gunera eramaten dituzte autoak eta segurtasun baldintza guztiak betetzen dituzten egiaztatzen dute bertan egoten diren komisario teknikoek: segurtasun-uhalak eta jesarlekuak homologatuta dauden, edo su-itzalgailua daramaten begiratzen dute.
Auto mota bakoitzak bere berezitasunak ditu eta horiek ere betetzen dituzten aztertzen dute. Hau da, paperetan jartzen duena egia dela ziurtatzen dute, motorraren gaitasuna esate baterako.
Bigarren baieztapena lortuta, parte hartzaile bakoitza berari dagokion gunera joaten da, lasterketa hasi arte. Autoak parke itxian biltzen dira gero, banan-banan irteera ematen zaien arte.
Erlojuak lasterketako erlojuarekin bat egitea ezinbesteko da parte hartzaileentzat. Minutu bateko atzerapen edo aurrerapenak zigorra dakar, eta beraz, egiaztapen administratiboak egiterako orduan derrigorrez egin beharreko lana da hori. Erlojua aurrez aurre izango dute pilotu eta kopilotuek lasterketa osoan. Bera izango da garailea zein den erabakiko duena.
Autoaren zenbakia ere begien bistan egon beharko da. Egiaztapenak egitera doazenean hartzen dute autoaren dortsalaren zenbakia, eta atzeko partean eta alboetan itsasten dituzte.
Irteerara minutu bateko aldeagaz doaz auto guztiak, ez gehiago eta ez gutxiago. Bi geldialdi egiten dira irteera gunera ailegatu aurretik. Lehenengoan parte hartze orria entregatzen dute, bigarrenean aurrekoak irtetzeko zain egoten dira eta azkenean irteera puntura doaz. Laserrak esaten du zehatz autoak noiz irten duen, arinegi ezin da-eta irten zigorrik nahi ez bada. Dena ondo galdetu eta atzamar lodia altzatu dute pilotuak eta kopilotuak eta bost segundoren faltan atzerako kontaketa hasi da. Gurpil hots eta motor zarata artean hurruntzen da autoa; beste laser batek esango du helmugara noiz ailegatzen den.
Segurtasuna
Ibilbidean kolperik izango balu edo errepidetik irtengo balitz, asistentzi telefono zenbakia daukate partaideek autoan, irteeran, segurtasun uhalak eta kaskoak ondo lotuta dituzten bermatzeagaz batera eman dietena, eta asistentzi autoa eta behar bada anbulantzia joaten zaie laguntzera.
Asistentzi guneak ere garrantzitsuak dira, euretan jartzen dute-eta autoa puntuan partaideek. Batzuk laguntza izaten dute, beste batzuk auto azpian sartu behar dira, horiek dira gehiengoak. Beraz, autoa gidatzen eta errepidea irakurtzen jakiteagaz gainera mekanikari ere izaten dira parte hartzaileak. Inguruan, gainera, ikusleak pilatzen zaizkie, autoa eta gidariak ikusteko. Rallyen ikuskizuneko beste parte bat ere izaten da-eta hori.