Eguen honetan hasi eta datorren
ekainaren 8ra bitartean
Europako Geoparkearen astea egingo da Euskal Geoparkea osatzen duten hiru udalerrietan.
Hain zuzen ere, Mutrikuko, Debako eta Zumaiako bertako ondare natural, geologiko eta kultura baliotsua herritarrei eta, bereziki, Geoparkeko biztanleei gerturatzea du helburu beronek.
Ekainaren 8ra arte iraungo duen egitarau honen berri, gaur, Debako Turismo Bulegoan egin den prentsaurrekoan eman dute.
Era berean, Geoparkearen astea aurkezteaz gain,
Geoparkearen Gunea deritzonaren inaugurazioa ere egin dute Debako Turismo bulegoan. “Geoparkearen Gunea herritarrei zabalik dago, eta
erakusketa eta interpretazioarako espazio bat da. Astelehenetik zapatura 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, eta domeka eta jaiegunetan 10:00etatik 14:00etara irekita egongo da berau”, azaldu dute beronen arduradunek.
Gune berri honek Geoparkearen balio garrantzitsuenak biltzen ditu. “Modulu batean, alde batetik, pantaila handi batean Geoparkearen promoziorako ikus-entzunezkoa ikus ahal izango du bisitariak. Bestetik, Geoparkearen Gunean Geoparkerako altxorrik preziatuenak bertatik bertara ikusteko aukera egongo da”, gaineratu dute. Horien artean, Mutrikuko Ammonite erraldoi bat, Debako Septarea bitxiak, Zumaiako arrasto fosilak, duela 100 milio urte bizi izan zen koral adarkatu bat eta estalagmita baten sekzioa ikus daiteke. Altxor horiez gain, “Venusaren eta 14 piezaz osaturiko Praileaitzeko lepoko famatuaren erreplika zehatz bakarra ere ikus daiteke, erakusketako harribitxia”.
EGITARAUA