Mutrikuko Burumendi Futbol Taldeko gazteek ohorezko mailara igoera lortu dute

Burumendi ospatzen Gipuzkoako lehen mailatik ohorezko mailara salto handi bat ematea lortu dute Mutrikuko Burumendi futbol taldeko gazteek. Azken partida, zapatuan Iraetan jokatu zuten, eta sekulako giroa egon zen harmailetan. “Autoetan ez eze, autobus bete jende ere joan gara taldea igoera lortzeko animatzera”, adierazi du taldeak. Animazioa ziurtatuta egon zen, izan ere, Mutrikuko musika banda ere, han egon zen euren taldeari motibazio nahikoa emateko. Oso neurketa estua eta tentsio handikoa izan zen Iraetan Billabonaren aurka jokatutakoa. Talde biek, aukera ugari izan zituzten, eta berdinketarekin amaitu zen igoera lortzeko partidua. Horrenbestez, luzapena jokatu behar izan zuten bi taldeek. Luzapeneko lehen denboran, Mutrikuko taldeak markagailuan aurreratzea lortu zuen, eta taldeak “animoan bada ere”, gora egin zuen, igoera postua gero eta hurbilago zegoen eta. Bigarren denboran, aldiz, Billabonakoek berdinketa lortu zuten, eta penaltietara jokatu behar izan zuten hurrengo urtean ohorezko mailan aritzeko postu preziatua. Azkenean, Burumendiko Imanol Urreisti atezainak Billabonakoak baino jaurtiketa bat gehiago gelditzea lortu zuen, eta garaipena Mutrikura ekarri zuten Burumendikoek.