
Haurralde Fundazioko Alberto Martinezen eskutik ezagutu dituzte afrikako hainbat herrialdeetako ohiturak, maskara guztiek musika eta dantza bat dutela eta hainbat zeremoniatan erabiltzen dituztela esate baterako. Zaireko Ngana etniaren maskara, Maliko Dogon Hyenarena, Burkina Fasoko Bwa, Buxa, eta Mossi etniena, Gaboneko Fang eta Boli Kostako Guro eta Baule etnien maskara motak ezagutzeko aukera izan dute besteak beste. Eskuak altzatuta, hainbat galdera egin dizkiote Haurralde Fundazioko teknikariari, maskaren forma, kolore eta esanahiaren arrazoiak jakin nahian.
Maskarez gainera, jantziak eta batik teknikaren bidez egindako margolanak ere ikusi dituzte. Pintura horien motiboak ohituren eta eguneroko bizitzaren sinboloak erakusten dituzte.

Afrika zabaldu II ekimenaren baitan ekarri dute Afrikako maskaren erakusketa Haurralde Fundazioak eta ASEMAk Uhagon kulturgunera. Orain, proiektua, Markina-Xemeinera hezkuntza zentroetara zabalduko da. Alberto Martinezek jakitera eman duenez, ekainaren 20an batuko dira Bera Kruz Ikastola eta Bekobenta eskola publikoko arduradunekin eta Afrikari lotutako informazio, bideo eta materiala utziko diete gaia ikastetxeetan landu ahal izateko.