Lore Bengoetxea Ibazeta (Ondarroa, 1970) kazetariak
Arraun taldearen ikerketa beka aurkeztuko du
etzi 19:00etatik aurrera
Kofradia Zaharrean.
Aurretik ere egongo zen ba Ondarroan arraun zaletasuna, ezta?
Bai, jakina. Elkarteak 40 urte egin ditu, baina arraunaren eta Ondarroaren arteko harremana aspaldikoa da. Azken batean arraunaren eta ondarrutarren arteko harremanean du sustraia Arraun elkartearen sorrerak. Arraun elkartearen historiaz gain, beste atal batzuk ere jaso ditut, elkartea ulertzeko derrigorrezkoak. Horretarako, azken 40 urteotan egon diren arraunlari eta zuzendaritzakoekin egon naiz.
Zeintzuk dira atal horiek?
Konpetizio esparrua, antolakuntza, azpiegiturak eta beste hainbat azpiatal.
Ikerketa honetan zer iruditu zaizu deigarriena?
Asko gozatu dut garai bateko aktak-eta irakurtzen. Hasierako urteetako dinamika haren islada dira.
Elkartea sortu zenetik ze eboluzio izan duela esan zenezake?
Hasieran egon ziren haien berbetan, arraunean egiten ohi zuten gutxien, eta hori nabarmentzekoa da. Behar gehiago ematen zien dena antolatzeak eta elkarte bezala egonkortzea. Hori guztia, urte askotako beharra izan da. Gaur egunean, besteak beste, egoitza ederra eta azpiegitura ederrak ikusten ditugu, baina, hori guztia urte askotako eta jende askoren esfortzuari esker izan da. Gauza askotan parte hartu behar izan dute bertokoek, eta denetarako prest dagoen jendea dago Ondarroa Arraun elkartearen atzean. Nire ustez, hori lan guzti hori, nabarmentzekoa eta eskertzekoa da, eta batez ere ondarrutarrok eskertu egin beharko genuke. Azken batean, lortzen dituzten emaitzak ikusten ditugu agerikoen, baina hori guztiaren atzean dagoen beharra handia da. Harritzekoa da, jende guzti horren parte hartzea. Horrez gain, elkartearentzako egoitza edukitzea aurrerapasu handia suposatu duela nabarmendu dute denek.
Ze momentu azpimarratuko zenuke Arraun elkartearen historian?
Egoitza baten faltak asko baldintzatzen du edozein elkarteren jarduera, eta, Ondarroako Arraun elkartearen kasuan ere, horrela izan da. Orain, 1991etik, entrenatzeko lekua dute, sekulako azpiegitura dute, eta lehen hori guztia falta zuten. Orain ezagutzen dugun egoitza ofiziala izan aurretik, bost lokaletan egon ziren.