
Lekeitioko Udalak eta Kitto elkarteak Margo lehiaketaren V. biurtekoa antolatu dute zapaturako. Aurten portua eta alde zaharra izango dira gaiak. Betiko modura, lehiaketa adin guztietako margolariei zabalik egongo da.
Lehiaketan parte hartu nahi duten guztiak Barandiaran aretora, udaletxe azpira, joan beharko dira, zapatuan bertan, 09:00etatik 10:00ak bitartean, euskarriei zigilua jartzera. Hiru edo lau ordu izango dituzte gutxi gora-behera margotzeko, eta ondoren, amaitutako lanak, Barandiaran aretoan entregatu beharko dituzte, sinatuta, 14:00etatik 14:30era.
Edozein tamainatako euskarria erabili ahalko dute parte hartzaileek, eta kolorezko atzealdea izatea ere onartuko dute antolatzaileek. «Euskarri bat baino gehiagori ere zigilua jarri ahalko zaio, baina obra bat bakarrik aurkeztu ahalko da», azaldu dute.
Epaimahaiaren erabakia arratsaldeko 15:00etan jakitera emango dute Barandiaran aretoan, eta epaileen erabakiak «behin betikoak eta aldaezinak» direla zehaztu dute antolatzaileek.
Lehen saria jasotzen duen koadroa Lekeitioko Udaleko Kultur Erakundearena izatera pasatuko dela jakitera eman du udalak.