
Aurreko kontratazioaren epea amaitzen dela eta kiroldegiaren kudeaketa integralaren zerbitzua lehiaketara atera du udalak, baldintza batzuekin. Instalazio guztien kudeaketa integralaren zerbitzua kontratatuko da, udako ur-jolasak barne, eta, zerbitzu horren osagarri, esleipendunak hainbat lan egin beharko ditu.
Lan horien artean daude igerilekuaren sakonera gutxitzeko hondoa altxatzea eta igerileku txikiaren itxitura hobetzea. Igerilekuaren sakonera gutxituta, kontsumitzen den ur kopurua eta energia kontsumoa gutxituko dela dio udalak. «Igerileku txikian gehienbat haurrak ibiltzen dira, gurasoek lagunduta, eta itxitura hobetuta, berotasuna ez galtzea da helburua», azaldu dute. Igerilekuko ura aldatzen denerako, ur depositu bat jarriko dela ere aurreratu du udalak, «beste lan batzuetarako berrerabilgarri egon dadin». Orain arte, igerilekutik kentzen den ura udan aprobetxatu izan da, txorroetarako.
Udalak 387.867 euroko aurrekontuarekin egin du kontratazio deialdia, BEZ barne. Aurreko deialdiekin alderatuz, kontratazio epea luzatu egin da, hartzen duenarentzat errentagarria izan dadin. Horrela, zerbitzua bost urterako kontratatuko da, beste bost urtez luzatzeko aukerarekin.
Lizitazioa aurreikusitako epean bukatzen bada, hobekuntza lanak abuztuan egingo dira.