
Agerraldia egiteaz gain, zapatuan Ondarroan egingo den manifestazio nazionalera joateko deia egin diete herritarrei.
Zehatz esateko,
ondokoak dira etzi Ondarroan egingo den ekimena babestu duten alkateak: Juanjo Txurruka Txurruka (Markina-Xemein), Maitane Larrauri Fraile (Lekeitio), Jose Luis Azpiazu Alberdi (Gizaburuaga), Mikel Antsotegi Jaio (Aulesti), Imanol Mugartegi Aranberri (Berriatua) eta Argia Ituarte Arkotxa (Ondarroa).
12:30ean, Alamedatik
Giza eskubideak, konponbidea, bakea. Gaixo dauden presoak etxera! aldarrikatuko dute zapatuan Ondarroako kaleetan zehar; 12:30ean Alamedatik irtengo da manifestazioa. Ondokoa izango da ibilbidea: Alameda, Kantoipe, Nasa, Erribera, San Inazio, Zubi Barria, Zaldubide, Zaldupeko zubia eta berriro Alamedara.
Iparragirre «egoera larrian» dagoela jakinda, herritarrei zapatuan Ondarroan egingo den manifestazioan parte hartzeko dei egin nahi izan diete alkateek. «Larriki gaixo dauden preso horietako bat da Ibon Iparragirre Burgoa ondarrutarra, eta horregatik batu gara hemen. Batez ere, manifestazio horri babesa eman nahi izan diogu, ahal denik eta arinen Ibon etxera bizirik etortzeko. Eta berarekin batera egoera horretan dauden guztiak etxeratzea eskatzen dugu», azaldu zuen Ituartek.
Gaur egun, gaixotasun larriak dituzten presoak kartzelan edukitzeak «inolako zentzurik» ez duela nabarmendu zuten bertan batutakoek. Izan ere, haien esanetan, «presoek ez dute behar besteko tratamendurik jasotzen kartzelan». Espainiak dituen legeen arabera, horrelako egoeretan daudenak etxe kartzelan egoteko aukera dagoela gaineratu zuten. «Lehen Ibon egon den modura, eta teorikoki orain egon beharko lukeen modura». Horrez gain, Lea-Artibaiko herritarren «ehuneko handi batek» gaixo larriak etxean egotea nahiko lukeela gaineratu zuen Ituartek. «Eskubidea dutelako, gizalegezkoa delako eta Euskal Herrian derrigorrezkoa den normalizazioaren biderako urrats oso garrantzitsu bat izan daitekeelako », esan zuen Ituartek alkate guztien izenean.
Hori guztia kontutan izanda, etzi Ondarroan egingo den manifestaziora gonbidatu zituzten bai eskualdeko herritarrak, eta baita euskal herritar guztiak ere.
«Egoeraz kezkatuta»
Ibon Iparragirreren osasun egoera larria dela eta, hainbat izan dira azken egunotan haren senideek egin dituzten agerraldiak. Herenegun, esaterako, Gasteizen egon ziren. Han, EH Bilduk Ibon Iparragirreren senideen agerraldi bat eskatu zuen Lege Biltzarrean, Giza Eskubideen Batzordeak har ditzan.
Horrez gain, aurreko astean Etxeratekin batera larriki gaixo dauden presoen egoera «jasanezina» zela salatu zuten. Agerraldi hartan, Etxerateko kideek «alarma gorria pizteko ordua» zela azpimarratu zuten.
Bitartean, Iparragirre, Basauriko kartzelatik pasa ostean, Navalcarneroko (Madrid) espetxean dago preso, eta senideek haren osasun egoeraz «oso kezkatuta» jarraitzen dute. «Etxean hartzen zituen sendagaiak ez diete barrura sartzen uzten, eta espetxean dagonetik 8 kilo galdu ditu».
«Preso egotea ezin du jasan eta asko sumintzen da. Oso urduri jartzen da, eta horrek ez dio bat ere onik egiten bere osasunari. Espetxean sartu zutenetik, bere defentsek behera egiten dute eta karga birala ere igo egin zaio, bere osasun egoera ahulduz eta kaltetuz. Bere moduko gaixoek ez lukete kartzelan egon behar», nabarmendu zuen atzo Angelita Burgoa preso ondarrutarraren amak.
Ibon Iparragirre 100.2 artikulua aplikatuta etxe kartzelan egon zen denboran, haren osasun egoerak txarrera egin ez zuela-eta zer edo zer «egonkortu» ere egin zela gaineratu zuen Burgoak.
«Beharbada, kalean hain garrantzitsuak ez diren gauzak berari barruan oso garrantzitsuak egiten zaizkio, eta asko sufritzen du barruan. Horrekin batera, gorputzari, bere gaixotasunaz gain, kalte handiagoa egiten dio. Besteak beste, ez zaio komeni urduri jartzea».
Zurrumurru «faltsuak»
Atzo La Razon egunkariaren edizio digitalean agertu zen albisteari dagokionez, Iparragirreren senideek, Alfontso Zenon abokatuak eta Etxerat elkarteak gezurtatu egin zuten Espainiako egunkariak argitaratutakoa. «Guk ez dugu libre geratuko denaren inolako berririk; hobe horrela balitz. Ez dakigu zergatik ateratzen dituzten mota horretako berriak momentu honetan. Hemerotekatik ateratako berriren bat izan behar duela uste dugu. Ez dakigu zertan oinarrituta argitaratu duten berri hori egunkariaren edizio digitalean. Guri ez digu inork ezer jakin arazi. Ez dakigu zelan argitaratu ere egin duten», esan zuen Burgoak. Denen esanetan, albistea «zaharra» da.
Familiak ez daki Iparragirreri etxe kartzela noiz ezarriko dioten. «Inork ez digu gauza zehatzik esaten. Abokatuek egin beharreko eskaera guztiak eginda dituzte, baina ez dugu inolako erantzunik jasotzen. Beti erantzun kontrajarriak jasotzen ditugu. Batean, Castro epailea Navalcarneroko auzitegi medikuaren azterketak eta emaitzak bidaltzeko zain dagoela esan ziguten. Bestean, presondegitik bertatik erantzun ziguten, Ibonen kasua kartzelako batzordean hurrengo sei hilabeteetan ez dela aztertuko esateko. Sei hilabete denbora gehiegi da. Haren egoera oso eskasa da. Denbora bere aurka dago».