
Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegi abokatuak ETAkoak izatea egotzita auzipetu ditu Javier Gomez Bermudez, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Bai eta Joxe Domingo Aizpurua, Julen Zelarain —Amnistiaren Aldeko Mugimenduan aritzegatik hamar urteko espetxea betetzen ari dena—, eta David Pla iheslaria. ETAri laguntza ematea egotzi die berriz, Saioa Agirre, Juan Mari Jauregi eta Nerea Redondori.
Akusatu gehienei «Koordinazio Taldeko» kide izatea egotzi die epaileak; presoen eta ETAren arteko komunikazioa ahalbidetzea, eta ETArentzat iraultza zerga biltzeko bitartekari aritzea ere leporatu die zenbaiti, besteak beste.
Zuluetaren aurka gogor egin du epaileak, gainera, jomugan jarrita. Arduradun nagusitzat jo du, eta ETAri helburuak zerrendatzen laguntzea ere egotzi dio. Ustez abokatuen Bilboko bulegoan egindako miaketa batean atzeman zituzten argazki batzuek ETAren zulo baten kokapena argitzeko baliagarri zirela eta, armak eta lehergaiak izatea ere leporatu dio Zuluetari.
Auzipetu gehienak, Fernando Grande Marlaska epaileak agindutako operazioan atzeman zituzten, 2010eko apirilean. Hamar atxilotuetatik bost aske geratu ziren, Zulueta, Enparantza, Sarriegi eta Agirre berriz, kartzelara bidali zituzten. David Pla, bestalde, Hendaian atxilotu zuten, baina, aske geratu zen epailearen aurretik pasatu barik.
Zulueta, Enparantza eta Sarriegi baldintzapeko askatasunean kalera atera ziren 2010eko abenduan, baina, 2011ko uztailaren 14an, Grande Marlaska epaileak behin-behineko espetxe zigorra ezarri zion Zuluetari talde terroristako kide izatea leporatuta. Bi hilabete eta gero, 2011ko irailean, utzi zuten aske.
Hala ere, Arantza Zulueta 2014ko urtarrilaren 8an atxilotu zuten berriz, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko bitartekaritza taldearen kontra eginiko polizia operazio batean. Lekeition zeukan etxea ere miatu zuten orduan. Geroztik isolamendu egoeran egon da eta martxoan, Estremerako (Madrid) espetxetik Puerto IIIra (Cadizera) urrundu zuten.
Deklaratzeko ordua uztailaren 23rako jarri die auzipetuei epaileak, eta hiruna mila euroko bermea eskatu die.
Elkarretaratzea Lekeition
Lekeition bizi izan da Arantza Zulueta denboraldi batzuetan, eta bere atxiloketa eta isolamendu egoera salatzeko hainbat elkarretaratze eta protesta egin dira bertan. Azkena, joan den zapatuan. Izan ere, elkarretaratzea egin zuten Lekeition Isolamendurik ez Arantza askatu lemapean. Eskolapean elkarretaratzea eginda kalejira egin zuten plazara bertan ere beste elkarretaratze bat egiteko. Handik portura eta bertatik Eskolaperantz egin zuten berriro herritarrek protestan.