
Argazkia: KAP produkzioak
Uztailarekin batera, udako egitaraua jarriko du abian Uhagon kulturguneak. Uztaileko asteburu guztietarako eta abuztuko lehen eta azken zapatuetarako aisialdi aukera zabala prestatu dute. Barikuan hasiko da egitaraua La Jodedera talde kubatarraren erritmoekin.
Aurten, musika izango da batez ere protagonista, estilo guztietakoa, gainera. Hala, La Jodederaren musika kubatarra, Toro y la niña del frenesiren rock eta soul doinuak, Makala Jazz Funka Band taldearen jazz eta rhythm’blues doinuak eta La Bossa Nostra Gasteizko hirukoaren bossa nova musika entzun ahalko dira uda sasoiko gau eta iluntzeetan.
Emanaldi gehienak Uhagoneko terrazan izango badira ere, herriko beste gune batzuetara ere zabalduko dute programazioa, kontzekupera, Arkupe aurrera, bai eta Mertzedeko eliza edo Xemeingo plazara ere.
Azken urteetan, harrera bikaina izan duten Xemeingo gaua eta Emeki Koralaren kontzertuak ere ez dira oraingoan ere faltako. Horretaz gainera, kale antzerkia, dantza emanaldia eta zine kontzertua ere izango dituzte aukeran Markina-Xemein zein inguruetako kulturzaleek.
Omenaldia eta bideoa
Uhagon Kulturguneak antolatu ez badu ere, Uhagonen egongo da zapatuan, Raimundo Noiaren omenezko kontzertua. Hiru taldek joko dute kulturgunean, 20:00etatik aurrera: Reverend’s bastards-ek, Arrakalak eta Osti Oi!-k.
Bestalde, uztailaren 11n, Gure Esku Dagok ekainaren 8ko gizakateko irudiekin osatutako bideoa emango dute, 22:00etan, kulturguneko terrazan. Gure Esku Dago lantaldeak antolatu du emanaldia.
Udako egitaraua