Asteburuan jai giro bete-betean ibiliko dira Amoroto, Ispaster eta Markina-Xemeingo herritarrak. Martin Deunaren jaiak ospatuko dituzten hiru udalerrietan ondo pasatzeko hamaika aukera egongo da.
Amoroton barikutik astelehenera bitartean adin guztientzat eskaintza zabala egongo da. Bariku eguerdiko mezak eta Arta Nagusi dantza taldearen emanaldiak emango diete hasiera jaiei. Gauean, berriz, Su Ta Gar eta Gatiburen musikarekin gorputzak astintzen eta eztarriak berotzen ibiliko dira frontoian.
Biharamunean, besteak beste, hirugarren adinekoen bazkaria egingo dute eta arratsaldean Asto Triatloiarekin barre algarak ziurtatuta egongo dira. Gauean, berriz, Mukaki, Maconak eta Garilak 26 taldeen musikak girotuko dute plaza.
Bestalde, domeka umeen eta gaztetxoen egun handia izango da. Meza ostean gaztetxoen pelota partiduak jokatuko dituzte, eta arratsaldean puzgarrien parkea, txokolatada, Disko Arima Eroa eta euskal erromeriarekin ederto pasatuko dute.
Astelehen arratsaldean mozorro lehiaketa eta bertso triki poteoak alaituko dute herria. Gauean Skakeitan, En Tol Sarmiento eta Laket taldeen musika doinuekin agurtu dituzte jaiak.
Ispasterren barikuan egingo dute jaia
Barikuan Ispasterko Martin Deunaren baselizaren inguruan ozpatuko dute Santuaren omenezko jaia. Meza Santuaren ostean hirugarren Argazki Digitalen Rally-ko argazkiak ikusgai ipiniko dituzte. Gero, herriko eskolako umeek euskal dantzen saioa egingo dute. Arratsaldean, berriz, mus eta briska txapelketak jokatuko dituzte eta iluntzean argazki lehiaketako sari banaketa egingo dute.
Markina-Xemeinen domekan batuko dira
Markina-Xemeingo San Martin auzoan domekan egingo dute jaia. Goizean San Martingo bosgarren mendi martxa egiteko batuko dira herriko eta inguruetako mendi goizaleak. Bestalde, meza ostean ohiturazko aurreskua dantzatuko dute, eta paella eta nagusien dantza solte txapelketa egingo dituzte. Arratsaldean ostera, umeen jolasetan eta txokolatan elkartuko dira herriko ume eta gaztetxoak. Halaber, mus eta briska txapelketak jokatuko dituzte. Egun guztian zehar Angel Egia arituko da giroa alaitzen.
SAN MARTIN DEUNAREN JAIEN EGITARAUAK:
AMOROTO
Uztailak 4 barikua.
- 12:00. Meza nagusia. Ondoren Arta Nagusi taldearen dantza ikuskizuna.
- 22:30. Rock kontzertua frontoian: Su Ta Gar eta Gatibu. Sarrera 10 euro. Takilla 21:00etan irekiko dute.
- 2:30. Trikizio plazan.
Uztailak 5 zapatua.
- 12:00. Hilen aldeko meza. Ondoren txikiteoa Izarra eta Maren trikitilariekin.
- 14:00. Hirugarren adinekoen bazkaria Izarra eta Maren trikitilariek alaituta.
- Arratsaldean. Asto Triatloia.
- 22:30. Plazan Mukaki txaranga eta Mconak. Atsedenaldian Happy Hour txosnan. Ondoren Garilak 26.
Uztailak 6 domeka.
- 12:00. Meza nagusia. Ostean gaztetxoen pelota partiduak.
- 17:00. Puzgarrien parkea.
- 19:00. Txokolatada.
- 20:00. Disko Arima Eroa eta Euskal Erromeria Arima Cool Tour-en eskutik.
Uztailak 7 astelehena.
- 18:00. Mozorro lehiaketa. Ondoren Triki Bertso poteoa Toko, Xabier Enbeita eta Beñat Ugartetxea bertsolariekin eta Izarra eta Maren trikitilariekin.
- 22:30 Plazan Skakeitan, En Tol Sarmiento eta Laket.
ISPASTER
Uztailak 4 barikua.
- 12:00. Meza Santua Martin Deunaren baselizan. Ostean leku berean Ispasterko hirugarren argazki digitalen rally-ko argazkiak ikusgai egongo dira.
- 13:30. Ispasterko eskolako umeen euskal dantzen emanaldia.
- 18:00. Mus eta Briska txapelketak. Museko inskripzioa 20 euro bikoteko, eta briskakoa 10 euro bikoteko.
- 20:00. Ispasterko hirugarren argazki digitalen rally-ko sari banaketa.
MARKINA-XEMEIN
Uztailak 6 domeka.
- 10:00. San Martingo bosgarren mendi martxa. Amaitzean hamaiketakoa.
- 11:30. Herri meza. Ostean ohiturazko aurreskua.
- 13:00. Nagusien dantza solte txapelketa.
- 14:00. Hogeitazortzigarren Paella txapelketa.
- 16:00. Umeen jolasak eta txokolatada.
- 17:00. Mus eta Briska txapelketak.
- 19:00. Zozketa. Egun guztian zehar Angel Egiak alaituko du giroa.