Larruazaleko minbiziaren diagnosi goiztiarrerako metodoa azaldu dute Mutrikun
Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartekoek. Batez ere, diagnostiko goiztiar bat egitearen garrantziaz aritu dira
Miruaitz frontoain. Hasiera batean azaleko minbiziaren inguruko kontzientziazio kanpaina Moila Berri atzeko zabalgunean egin behar bazuten ere, eguraldi txarra zegoela eta, Miruaitz frontoain egin behar izan dute.
Besteak beste, eguzkitan egoteko zenbateko babesa eman behar denari buruzko informazio zabala eskuratzeko aukera egon da frontoian. Horrez gain, herriko gaztetxoenek gaiarekin lotutako tailerrak egiteko aukera izan dute.
Orbainaren asimetria, ertza, kolorea, diametroa eta eboluzioa kontutan hartu beharreko gauzak direla azpimarratu dute
Minbiziaren Aurkako Elkartekoak banatzen aritu diren informazio guztiaren artean,
norberarentzat onena automiaketa egitea dela nabarmendu dute. Gorputz osoa azalarekin batuta dago, eta berau ondo zaintzea zein garrantzitsua den azaldu dute goizean. «
Gorputzeko organorik zabalena eta luzeena da azala. Askotan gainera, gutxien zaintzen duguna ere izaten da. Horrez gain, eskura eta begibistan daukagun organu bakarra da. Hori dela eta, mediku gabe ere,
norberak egin dezake bere azalaren miaketa bat», azaldu dute elkarteko kideek.
Miaketa horretan zera hartu behar da kontutan: orbainaren asimetria, ertza, kolorea, diametroa eta eboluzioa, behinik behin. «Salbuespenak salbuespen,
azaleko orbanak biribilak eta simetrikoak, ertz erregularrak, kolore homogeneo bakarra eta 6 milimetro baino gutxiago badituzte, ohiko orbainak dira. Urtero orbain berriak agertzen zaizkigu; azala beti aldatzen dagoen organo bat da eta. Ez da ezer gertatzen garatxoak edo orbainak baldin baditugu. Hori bai, horien
eboluzioa zaintzea gomendatzen da», gaineratu dute.
Edozein kezka edo dudaren aurreran,
familia medikuarengana edota dermatologoarengana joatea aholkatzen dute Minbiziaren Aurkako Elkartekoek.
Diagnostiko goiztiarraren garrantziaz gain,
azaleko minbizia ekiditeko eguzkitik babestea, oso garrantzitsua zela nabarmendu dute Minbiziaren Aurkako Elkarteko kideek. «Eguzkiak bi erradiazio mota igortzen ditu; UVB eta UVA. Lehenengoak, azalaren gaineko geruzean erredurak eragiten ditu, eta bigarrenak, ostera, azalaren barnealdeko geruzetan lesioak eragiten ditu. Horrenbestez, larruazala eguzkitik babesteko erabiltzen diren kremak bi erradiazioetatik babesten gaituztela kontutan eduki behar da».
Adituek eguzkitako kremak bi ordutik behin eta uretatik irten den bakoitzean berriro emate gomendatzen dute
Kremen erabilpenari dagokionez, «euren babes maila edozein delarik ere», bi ordutik behin eta uretatik irtetzen den bakoitzean berriro ematea gomendatzen dute adituek. Babes mailari dagokionez, aldiz,
babes altudunak gomendagarriagoak direla azpimarratu zuten. «Euskal Herrian 30 faktorea baino gutxiago duen krema bat erabiltzea, ez da bat ere gomendagarria. Gure ustez, azala babesteko orduan
50+ bat erabiltzea, beti ere
interesgarriago iruditzen zaigu. Udan ez bakarrik, urte osoan, egunero, babesten gaituen krema bat botatzeko ohitura hartu behar genuke. Larruazaleko minbizia kasuak gero eta gehiago dira eta».
Mutrikun aurreko astean egin bezala, gaur ere, haurrek eta gaztetxoek modu didaktiko batean jaso dute nagusiei emandako informazio guztia. Jolasean, era errez batean eta marrazkien laguntzarekin, eguzkitik nola babestu behar duten ikasi dute. «Azkenean,
azala zaintzea txikitatik ikasi beharreko gauza da».

Prebentzio eta babesaren informazioa jaso ostean, nahi zuen guztiak proba bat egiteko aukera izan du. Lehenengo eta behin, proba egin nahi izan duten herritarrek, inkestatxo bat bete behar izan duten. Horrez gain, galdeketa horren barruan,
pertsona bakoitzaren ile, begi eta azal kolorearen arabera zer fototipo duen ere azaltzen dute. Galdeketaren ostean, lortutako fototipoaren arabera besoaren barrualdean -eguzkiak gutxien jotzen duen zonaldean- eskotean eta aurpegian neurketak egin dituzte aparatu berezi batekin.
Behin proba egin ostean, norbere azalaren
babesgarri naturala, minututan zenbat denborakoa den neurtzen zuen tresnak. «Gailuak ematen digun denbora hori baino gehiago egon beharko bagenu kalean, azalari babesa jarri beharko litzaioke arroparekin, betaurrekoekin, txapelarekin edo krema batekin».