
Udarako egitarau zabala prestatu eta gaztetxearen funtzionamendua zein izango den zehazten hasi dira gazteak.
Horrela, gaztetxea zabalik egongo da astelehenetik domekara 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 00:00etara, eta uda sasoian, eta gaztetxea zabalik mantentzeko txandak gazte kuadrilla ezberdinak egingo dituzte. “Gazteen topaleku izatea daukagu helburu eta horretarako ekintzak antolatzeagaz gainera, egoteko leku moduan ere egokitu dugu”, azaldu dute.
Gaztetxekoek jakitera eman dutenez, egunero, 00:00etan zarratuko da gaztetxea, eta musika ere ordu horretan amatatuko dute, “auzokideak ahalik eta gutxien molestateko asmoz”. Kontzertu zaratatsuak, bestalde, hilean behin egingo dituzte. “Ordu muga bategaz eta beti ere aurretiaz jakinarazita”. Eguenetan, kantaldi eta kantautoreak egongo diren arren musika baxu mantenduko dutela zehaztu dute eta 00:00ak arte baino ez direla egongo.
Bestalde, ekintzarik ez dagoen egunetan, bazkariak zein afariak egin ahalko dira gaztetxean, aurretik izena emanez gero. “Gainera, barra zabalik egongo da arratsaldero”.
Gaztetxearen ateak zabalik daudela ere azpimarratu dute gazteek. “Edozein eragile zein norbanakok antolatu ahal ditu ekintzak gaztetxean, horretarako, astelehenero 19:00etan egingo den asanbladan proposatu beharko du zer egin nehi duen”, argitu dute.
Udako egitaraua
Egun gutxi geratuko dira libre uda sasoian, gaztetxean. Egun bakoitza egitasmo bateri lotuta egongo da, gainera. Halan, abuztuaren 26ra arteko martitzenak,
Martitzen Moriak izango dira, eta beraz, 19:00etatik aurrera, feminismoari eta emakumeen burrukari eskainiko dizkiote. Besteak beste, autodefentsa tailerra, pantojismo tailerra, dokumentalak eta hitzaldiak egongo dira.
Atzo egin zuten Martitzen Morien aurkezpena gaztetxean eta 16 urtetik 30 urte bitarteko hainbat lagunek hartu zuten parte. Potxuak Martxan emakume taldearen ibilbidea –sorrera eta egindako ekitaldiak– ezgutzeko aukera egon zen bideo baten laguntzagaz, eta ondoren taldeetan banatuta eztabaida eta solasaldirako aukera izan zuten.
Eguaztenak, bestalde, umeen egunak izango dira, eguenetan berriz, musika, bertso saio eta bakarrizketek izango dute lekua eta domeketan proiekzioak emango dituzte. Jadanik, egitarau zabala prest dago.

Azkenik, oraindik egitaraua zehazten badabiltza ere, abuztuzren 3tik 7ra Okupazio Jardunaldiak izango dituzte. “Helburua beste gaztetxe batzuetako errealidadeak eta proiektuak ezagutu, harremanak egin eta Lekittoko gaztetxearen aurrera begirako bidea zehaztea izango da”, azaldu dute.
Horretaz gainera, uztailaren 12rako Gaztetxeko I. Mendexako Kronoigoera antolatu dute.
EGITARAUAK:
Eguaztenak. Umeen Egunak.
- Uztailaren 2an, 19:00etan, Krisouintxo ipuin kontalaria. Ilargiarekin berbetan ikuskizuna.
- Uztailaren 16an, 19:00etan, Toni eta txotxongiloak. Birusak erasoan ikuskizuna.
- Uztailaren 30ean, 19:00etan, Puski eta Txurruski pailazoak.
- Abuztuaren 13an, 19:00etan, Enaitz ipuin kontalaria. Euskal mitologiako ipuinak.
Horretaz gainera, txokolatadak, jolasak eta tailerrak egongo dira umeentzako.
Eguenak bixirik!.
- Uztailaren 3an, 20:00etan, Ion Martinezen bakarrizketa.
- Uztailaren 10ean, 20:00etan, Bertso saioa.
- Uztailaren 17an, 20:00etan, Rojo talde madrildarraren kantaldia
- Uztailaren 24an, 20:00etan, Josu Bergara kantautorea.
- Uztailaren 31n, 20:00etan, poesia musikatuak.
- Abuztuaren 14an, 20:00etan, Bertso desafioa.
Domeketan, proiekzioak.Gaiak: langile mugimendua eta Hegoameriketako prozesu iraultzaileak
- Uztailaren 6an, 19:00etan, Novecento 1. zatia
- Uztailaren 13an, 19:00etan, Novecento 2. zatia
- Uztailaren 20an, 19:00etan, Germinal
- Abuztuaren 17an, 19:00etan, Venezuelaren inguruko dokumentala.
- Abuztuaren 24an, 19:00etan, Boliviaren inguruko dokumentala.
Horretaz gainera, hegoamerikako prozesu iraultzaileez hitzaldi bat egongo da abuztuan.