
Ondarroako EAJk “aurrera egin beharrean, atzera” egin duela uste du Ondarroako Zero Zamar taldeak. “
2010ean birziklatzea derrigorrezkoa zela esaten zuen ordenantza bat egin zuen, eta orain,
2014an, zamarrak nahi dituenak borondatez birziklatu behar dituela dio. Penagarria iruditzen zaigu atzerapauso hau. Gainera,
EAJk erabiltzen dituen datu asko okerrak dira. Datuak ematen ditu, baina ez du esaten datu horiek non topatu ahal diren”, salatu dute.
EAJkoen arabera %70a birziklatzen da Ondarroan. Zero Zamarrekoen arabera, ostera, hondakinen %26a banatzen da
EAJkoen arabera, Ondarroan %70 birziklatzen da, baina datu hori “okerra” dela diote Zero Zamarrekoek,
“datu horren barruan sartu ziren zabortegian eta errauskailuan amaitzen duten hondakin asko”, gaineratu dute. Zero Zamarrekoen arabera, hondakinen %26a banatzen da bakarrik Ondarroan. “Beste guztia nahastu egiten dugu, eta zamartzara botatzen dugu. Gero, oso zaila izaten da nahastuta dauden zamarretatik materialak banatu eta birziklatzea. Eta
birziklatzen ez dugun guztia Bizkaiko beste herri batzuetara bidaltzen dugu, erretzera edo zabortegietara. Ez da justua”, diote.
Zero Zamarrek argitu duenez, gainera, EAJ eskatzen duen modura, bosgarren edukiontzia ipintzearen aurka agertu dira.
EAJren erabakiaren kontran, atez atekoaren sistemaren alde agertu dira Zero Zamarrekoak. «Bizkaiko ekologistek egin duten azterketa batean arabera, borondatezko bosgarren edukiontzian oso organiko gutxi jasotzen da Bizkaian. Atez atekoan birziklatzera askoz ere material gehiago bidaltzen da», azpimarratu dute.
Amankomunazgoak egin duen txosten baten arabera, atez atekoa sistema merkeagoa da
Horrez gain, EAJek bosgarren edukiontzia askosaz merkeagoa dela esatea ere, ez dute ontzat eman Zero Zamarrekoek. «Amankomunazgoak egin duen txostenaren arabera, atez atekoa sistema merkeagoa da». Azkenik, EAJk atez atekoak Ondarroara “usainak ekarriko zituela eta kaleak zikinago egongo zirela” ere baztertu egin du taldeak. “Hori ez da egia, eta nahi duenak bisita bat egin dezake Gipuzkoan edo Nafarroan atez atekoa egiten duten herrietara.
Ondarroan atez atekoa ipiniz gero, gure herria Bizkaian gehien birziklatuko lukeen herria izango litzateke”.