Iparra Galdu Baik plataformak Ibon Iparragirre Burgoa etxeratzeko eskatuko du uztaila osoan

pnga_erakutsi-1.pl

Ibon Iparragirre Burgoa preso politiko ondarrutarraren osasun egoera «larria» dela eta, hurrengo egun eta asteetarako hainbat ekimen antolatu dituzte Iparra Galdu Baik plataformako kideek. Ondarroan egingo diren ekimenez gain, Madrilen (Espainia) ere, elkarretaratzea deitu dute hango taldeek. Ibon Iparragirre etxeratzeko eta 100.2 artikulua aplikatzeko, lehen mobilizazioak asteburu honetan egingo dituzte. Bihar, 13:00etan, Alamedan elkarretaratzea egingo da, eta etzi, Madrilen (Espainia) 12:30ean, Iparragirreren aldeko elkarretaratzea egingo da Tirso de Molinan. Bertan, «gaixorik dauden preso guztien askatasuna» eskatuko dute. Bihar Alamedan egingo duten elkarretaratzeaz gain, uztaila osoan beste hainbat ekimen egitea erabaki dute Iparra Galdu Baik plataformako kideek. Uztailaren 12an, zapatuan, esate baterako, 19:00etan Gasteizen egingo den Giza eskubideak, konponbidea, bakea! manifestazioara joateko deia egin dute. «Lopez de Abetxuko euskal preso politiko gasteiztarra ere egoera oso larrian dago», azaldu dute. Gasteizko manifestaziora joan nahi dutenek, betiko lekuetan eman beharko dute izena. Uztailaren 19an, ostera, Arrigorriko begiralekuan Ibon etxea! ekartzeko eskatu duen argazki erraldoia osatu nahi da, eta 13:00etan, elkarretaratzea egingo da Plaiko Morrun. Uztailaren 24ean, ostera, 19:00etan Kamiñazpitik irtenda, Ondarroako kaleetan zehar bizikleta martxa egingo da. Azkenik, hilaren 26an, 12:00etan, Ipar maitasun sarea osatuko dute Alamedan. Ostean, 13:00etan, elkarretaratzea egingo dute.