
Argazkilaria: Jai-Alai/Jack McGowan
Asteburu honetan hasiko da Euskadiko Federazioak antolatutako txapelketa eta zesta-puntako pilotari onenek hartuko dute parte.
Finalerdi bi eta finalak osatuko dute txapelketa, eta
lehenengo finalerdia domekan, uztailak 6, izango da
Goikoetxea eta Hernandez eta Beaskoetxea eta Urtasunen artean.
Iñaki Osa Goikoetxea munduko pilotaririk onenen artean dago, eta Miami Jai Alaiko izar nagusia da. Han bukatu berri den denboraldian Aurrelarien Txapelketa eta Buruz Burukoa irabazi berri ditu.
Jonathan Duke Hernandez gasteiztarra ere, goi mailako atzelaria da; berak ere Miamin jokatzen du eta badaki binakako txapeldun izatea zer den. Aurkariek ere ez dute aurkezpen asko behar.
Diego Beaskoetxea gernikarra, egungo Munduko Txapelduna da, eta
Manex Urtasun irundarra, Dania frontoian atzelari onena, azken denboraldian.
Bigarren finalerdia, bestalde, uztailaren 13an jokatuko dute Forondak eta Irastorzak, Hormaetxea eta Lopezen kontra. Imanol Lopez zumaiarra eta Eric Irastorza bidartearra, biak ere Miamiko pilotariak, egungo atzelaririk onenak eta indartsuenak dira. Bien arteko “borrokak” ikusteko aukera asko ez da izaten, eta Euskal Herrian gutxiago. Iker Foronda gasteiztarra Binakako Txapeldun izandakoa da Lopezegaz batera, eta Alex Hormaetxea bermeotarra, Danian punta-puntan dabilen aurrelaria.
Finala Karmen Egunean jokatuko da, uztailaren 16an.