Ekosistemek gizakion ongizatean duten eragina aztertzen dabiltza Lea Ibarran
Ekosistemen zerbitzuen eboluzioa eta horiek gizakion ongizatean duten eragina ezagutzeko ikerketa egiten dabiltza azken urteotan Euskal Herriko Unibertsitateko Garapen Iraunkorra eta Ingurumen Hezkuntzari buruzko UNESCO Katedrako kideak. Horietako bat da Igone Palacios eta haren berbetan, “ezagutza lortu nahi dugu gure ekosistemak hobeto baliosteko eta haiek ematen dizkiguten zerbitzuez eta onurez jabetzeko”. Hori eginda uste dute erabakiak hartzeko lagungarri izango diren tresna baliagarriak jarriko dituztela kudeatzaileen eskura.
Bizkaian ekosistemez baliatzeak biztanleen ongizatea eta garapen ekonomikoa hobetu ditu, baina gure ingurumenak gero eta kalte gehiago pairatzen ditu. Erabakiak hartzeko eskumena duten administrazioen arduraz gain, herritarrek duten erantzukizuna aipatu du Katedrako kideak: “Norberak edo taldeka egunerokoan hartzen ditugun erabakiek ekosistemengan eta haiek ematen dizkiguten zerbitzuengan eragin zuzena dute, eta gure ongizatean ondorio positibo eta negatiboak dituzte”.
2008an ekin zioten lanari Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Ikerketa bi mailatan egiten dabiltza; batetik Bizkaia osoko orokorra, eta bestetik, tokian tokikoa. Eskala orokorrean lurraldearen aztarna arkeologikoa eta baso ekosistemak aztertu dituzte. Tokikoan, berriz, ekosistema mota desberdinak dituzten Bizkaiko lau gune aztertu dituzte: Bilbo metropolia, Urkiola, Urdaibai eta Lea arroa. Eta horien funtzioen eta zerbitzuen analisia egin dute.
Lea Ibarraren azterketa
Lea ibaiaren arroan ingurumen-balio eta balio sozial handiko gune naturalak daude. Ekosistema horien «osasun onari» esker populazioari zerbitzuak emateko «ahalmen handia» dute, eta ondorioz baita horien ongizatea hobetzeko ere. “Lehentasunezko gune edo balio handieneko eremu esaten zaie inguru horiei eta lehentasunezko kontserbazio-guneak zehaztea ezinbestekoa da lurraldea modu egokian kudeatzeko”, azaldu Palaciosek. Dioenez, horrela ekosistemen zerbitzuak bermatzen dira gaur egunerako zein etorkizunerako.
Hain zuzen ere, Lea ibaiaren arroko ekosistemen zerbitzuak kartografiatzea eta baloratzea eta horiek ematen dituzten lehentasunezko eremuak ezartzea eta zehaztea izan da bertako ikerketaren helburua. “Horrela tresna bisual erabilgarria edukiko dugu lurraldea kudeatzeko eta erabakiak hartzeko”.
Horretarako Informazio Geografikoko Sistema deritzon metodologia erabili dute. Ikerketa gunearen zenbait mapa sartu eta inguruko ekosistema zerbitzu garrantzitsuenetako batzuk aukeratu zituzten: biodibertsitatea zaintzea, ziklo hidrologikoa erregulatzea eta karbono metatzea.
Askotariko onurak
Naturako ekosistemek betetzen dituzten funtzioei esker gizarteak onura ekologiko, sozial eta ekonomiko handiak lortzen dituela nabarmendu dute Katedrako kideek. “Baina onura horiek ez dira beti aintzat hartzen”, dio Palaciosek. Hemengo ekosistemak eta haiek ematen dizkiguten zerbitzuak eta onurak hobeto ezagutzen baditugu eta balioa ematen badiegu, ingurumen osasungarriagoa lortuko dugula argi dute ikerlariek. “Gure ongizatea eta ondorengo belaunaldiena ezagutza eta balioespen horien mende daude”, azpimarratu du.
Horregatik dio garrantzitsua dela gure ekosistemen osasunean eragina duten erabakiak egunero hartzen dituztenak ekosistema horien balioaz jabetzea. “Gure ongizatea eta ondorengo belaunaldiena arriskuan jarri gabe erabakiak har ditzaten. Horretarako gure jarduerek eta politikek ekosistemen kudeaketa iraunkorra izan behar dute helburu, haiek ematen dizkiguten zerbitzuez gozatzen jarraitu nahi badugu”.
Leako ikerketaren ondorioak
Ikerketaren behin-behineko ondorioak aurkeztu dituzte eta Palaciosen berbetan, “Lea ibaiaren arroko ekosistemen artean baso misto atlantikoak soilik ematen ditu gehienezko balioak aztertutako zerbitzuentzat. Hortaz, lehentasuna eman behar zaio eremu hori zaintzeari”.
Halaber, azaldu du artadi kantauriarrak estaltzen duela Lea ibaiaren arroko azaleraren % 9, eta lehentasuna eman behar zaiola hori zaintzeari. “Bertan biltzen baita ziklo hidrologikoa erregulatzearekin lotutako zerbitzuen balio maximoen % 68”.
Bestalde, konifero sailek balio “baxuak edo oso baxuak” ematen dituzte biodibertsitatea zaintzeari dagokionez. Alabaina, karbonoa metatzeari dagokionez, kontuan hartu behar lirateke oro har balio altuak ematen dituztelako zerbitzu horretan.
Palaciosek nabarmendu duenez, “Lea ibaiaren arroko kontserbazio-lehentasunak ezartzeko, zein zerbitzu mantendu nahi dugun erabaki beharko dugu, eta horren arabera zehaztuko dira gauzatu beharreko jarduerak”.
Milurteko Ekosistemen Ebaluazioa Euskal Autonomi Erkidego mailara pasatuko da laster. Dagoeneko Eusko Jaurlaritzak ere konpromisoa erakutsi die Katedrako kideei. Bitartean, Palaciosek eta haren lankideek orain arte legez ilusioz jarraituko dute lanean: “Ekosistemak eta haiek ematen dizkiguten zerbitzuak funtsezkoak dira gure ongizaterako; horregatik ekosistema eta zerbitzu horiei dagokien balioa eman eta haien kontserbazioaren aldeko apustua egin behar dugu”.