Abaroa jauregia lekeitiar guztientzat berreskuratzeko asmoz,
ikerketa ekintza parte hartzaileari ekin dio Lekeitioko Udalak. Aurkezpen ekitaldia egin zuten joan den barikuan udaletxeko batzar aretoan. “Lekeitioko erdigunean kokatzen den eraikinak eta bere inguruko partzelak izugarrizko potentzialidadea dauka herriko bizitza soziala, ekonomikoa eta kulturala baldintzatzeko eta horren aurrean ezinbestekoa da beharrezkoak diren erabakiak ahalik eta parte hartze handienagaz hartzea”, adierazi zuten Xabier Arrate zinegotziak aurkezpenean.
Ohiko prozesu parte hartzailetik haratago doan ekimena egin nahi izan du udalak, eta beraz,
prozesua Hiritik At elkartearen aholkularitzaren bidez egingo dute. “Lekeitiarrek prozesuaren sujetu bilakatu, Abaroaz jabetu eta espazioaren eraldaketa martxan jartzeko ekimena da”, argitu zuten Hiritik At elkarteko kideek. Abaroa zer izatea nahi duten lehen ideiak bota zituzten aurkezpenean, herritarrek.
Helburuak eta faseak
Prozesuaren
helburuak hauek izango dira: herritarren ahalduntzea, espazioaren bereganatze herritarra, espazioaren ezagutza, espazioaren eraldaketa fisikoa abiaraztea eta izaera berria erabkitzea.
Uztailean, prozesuaren aurkezpena, diagnostikoa eta talde motorearen osatzea egingo dute, abuztuan eta irailean ikerketa eraldatzailea, urrian berriz, batzarrak egingo dituzte eta azaroan Abaroa berria zer izango den erabakiko dute.
Lehen fasean, beraz, diagnostikoa egingo dute alor desberdinetan aritzen diren eragile eta herritarrekin batera.
Bost diagnostiko bilera egingo dituzte eragile eta herritarrak txandaka gonbidatuz: gazteak eta gazte mugimenduak, zaharrak eta zahar etxe zein egoitzak, eragile sozio-ekonomikoak, elkarte kulturalak, eta emakumeak eta mugimendu feministak.
Aurkezpena eta diagnostikorako bileren ostean
talde motorea osatuko dute. Bertan, udaletxeko teknikariak, Hiritik At-eko teknikariak, eragileen ordezkariak eta herritarrak batuko dira, eta prozesuaren dinamizazioaz arduratuko dira.
Bigarren fasea hasteko eta Abaroaren lorategia inauguratzeko aurkezpen jaialdia antolatuko dutela aurreratu dute.