Aimar Aldazabal protagonista Markina-Xemeinen
Lesioa izan zuen Diego Beaskoetxea ordezkatu zuen domekan estreinatu zen, Euskadiko Federazioak antolatutako, Jai Alai Zirkuituan. Berriatuko pilotariak jokatu zituen bi partiduak irabazi zituen Markina-Xemeingo txapelketan.
Txapelketako lehen partidua, Beaskoetxea eta Manex Urtasun eta Goikoetxea eta Hernandezen artekoa bertan behera geratu zen Beaskoetxearen lesio baten ondorioz. Hirugarren tantuan, Beaskoetxea Goikoetxearen sakea hartzera atera zen, baina, pilotak ezker horman brastakoa egin eta Diego Beaskoetxeari berna zabaldu zion. Hiru puntu eman behar izan zioten eta partidua utzi egin behar izan zuen. Hala ere, dirudienez, ez du Gernika-Lumoko Kaltzadako Jaialdia jokatzeko arazorik izango. Beaskoetxearen ordez, Aimar Aldazabal atera zen kantxara eta atzelariak aldatuta, 25 tantuko partidua jokatu zuten Goikoetxea eta Urtasun eta Aimar eta Hernandezen artean. Jaialdia aurretik partidu gogorra jokatuta zegoen Aimar Aldazabal. Berriatuko aurrelariak Zabalagaz batera, 30 eta 29 irabazi zieten Barandika eta Ubillari. Partidu horren ondoren, beraz, kantxara bueltatu zen Goikoetxearen kontra aritzeko. Baina, Aimar eta Hernandez ondo konpondu ziren, partidu bikain bat eskainiz. Goikoetxeak, bestalde, indartsu dagoela erakutsi zuen jaialdiko lehen partiduan abiadura handiko ebaketak, eta errebotean egindako hiru erremate handi eginez. Azkenean, baina, garaipena Aimar eta Hernandezentzat izan zen. 25 eta 23 irabazi zuten. Partidu bikaina ikusteko aukera izan zuten Markina-Xemeingo frontoiko harmailetan jarri ziren 450 lagunek. Hurrengo hitzordua datorren domekan izango dute berriz, bigarren finalaurrekoa jokatuko da eta Hormaetxea eta Lopez eta Foronda eta Irastorzaren artean. Finala Karmen Egunean jokatuko da, uztailaren 16an.