San Martin jaiek asteburua girotu dute Ispasterren, Amoroton eta Markina-Xemeingo San Martin auzoan. Batean eta bestean, ekintza asko egon dira eta herritarrek gogotik parte hartu dute.
Ispasterren, esaterako, zapatu goizean, meza ostean, herriko umeek dantza emanaldia eskaini zuten. Arratsaldean, urteroko ohiturei eutsiz, mus eta briska txapelketak jokatu zituzten. Beste alde batetik, iluntzeko 20:00etan, argazki rallyko sariak eman zituzten. 16 urtetik beherakoetan, irabazlea Arhane Mendikute izan zen eta herriko onenaren saria Laia Mendikutek jaso zuten. 16urtetik gorakoetan, ostera, Uzuri Amias izan zen sariduna eta herritarren artean argazkirik onenaren saria Erlantz Garaik jaso zuen.
24 lagunek egin dute aurten Markina-Xemeingo San Martin auzoko mendi martxa. Ibilbide erraza izaten da, auzoaren inguruetan zehar, eta ume zein nagusiek parte hartzen dute, baina aurten, beste urteetan baino gutxiago izan dira ibiltariak, euriaren beldur. Hala ere, mendi martxara animatu zirenak asmatu egin zuten, goiz edarra izan zen eta domekakoa mendian ibiltzeko. Gainera, azken tarteko basa apurra kenduta, ibilbidea ondo-ondo egon zela azpimarratu zuten partaideek.
Meza osteko aurreskurako, bueltan ziren jadanik, mendigoizaleak, eta beste hainbat herritarrekin batera, ermitaren aurreko zelai paregabean dantzatu zuten aurresku alaia ikusteko aukera izan zuten.
Euriaren beldurrez, zalantzan egon ziren San Martin auzokoak, Dantza Solte Txapelketa ermita barruan egin ala ez. Azkenean, zuhaitz tartetik sartzen ziren eguzki izpiez animatuta, kanpoko aldean prestatuta zeukaten agertokian egin zuten dantzan bikoteek.
Bost bikote aurkeztu ziren lehiara, baina, Luis Etxaburu Latxanbre epaimahaiak, bi neskaz osatutako bikotea epaitzeko gai ez zela esanda, txapelketatik kanpo utzi zuen Billabonatik etorritako bi nesken bikotea. Erabaki horrek ezadostasuna eragin zuen ikusleengan eta beste parte hartzaileengan, arauak aldatuta daudela, eta gaur egun bi neskez osatutako bikoteak lehiaketetan parte hartu dezaketela adierazi zioten. Hala ere, kexei kasu egin barik, lau bikotek parte hartu zuten lehiaketan eta Billabonako nesken erakustaldia epairik barik geratu zen.
Epaimahaiaren arabera, San Martingo V. Dantza Solte Txapelketako irabazleak Portugaleteko Kerman Renjel eta Iholdi Beristain izan ziren; bigarren egin zuten Billabonako Aitor Gartzia eta Oihane Aiestaranek; hirugarren geratu ziren Karrantzako Sergio Portillo eta Patricia Espilla eta Laugarrenak Karrantzako Adrian eta Patricia Aedo izan ziren.
Maider Etxebarria eta Maddi Otegiri, aipamen berezia egin zieten, eta eurentzat izan ziren ikusleen txalo eta animoak ere.
Txapelketa amaitu eta segituan hasi zuen euria eta ez zuen arratsaldean ere atsedenik hartu. Hala ere, ermitaren aterpean prestatu zituzten paellak, eta bertan egin zituzten jokoak ere.
Jaiekin amaitzeko, urtero modura, jaiak antolatzen laguntzeko egiten duten zozketako zenbakia atera zuten. San Martin jaietako zenbaki saritua 257 izan da, eta ordezkoa 1.253. Zortedunak hilabeteko epea izango du saria jasotzeko eta agertuko ez balitz ordezkoarentzako izango litzateke.
Azken egunera arte, umorea eta festarako gogoa ez dira falta izan Amoroton. Asteburuko kontzertuetan, betiko legez, jende asko batu zen, giro onean, eta hasi modura, kontzertuagaz amaitu ziren jaiak atzo. Arratsaldean egon da girorik handiena, Mozorro Lehiaketan. Herriko hiru talde aurkeztu ziren lehiara: Don’t Worry be hippie, Atxuak herrian eta Borboiak herrian. Betiko modura ez zen umorerik falta izan, eta ia ordu laurdeneko saioak plaza bete duen jendetza barre algaraka jarrita.
Atxuak Herrian-en esketxak eragin zituen algara gehien. Hiru txikitero izan ziren protagonista, eta emakumeen karabanan eurentzako emaztegaia aukeratu behar zuten. Behin bikotea aukeratuta, makina batean bota behar zituzten txanponak aukeratutako neska lortzeko. Baina neskak irten beharrean, gizonezkoak atera zitzaizkien. Don’t Worry be hippie taldeko hippiek eurekin eraman zuten Albako dukesa, autoan, guztiei agur eginez, pozik, dantzan. Borboiak ere autoz ailegatu ziren herrira, eta Espainiako bandera zintzilikaten saiatu ziren, Amoroton «falta dela eta». Txistu artean hartu zituzten herritarrek, baina eurak izan ziren lehiaketaren garaileak, bigarren Atsuak herrian geratu ziren eta Don’t Worry be hippie-k sari berezia eraman zuen.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.