Ondarroako Eguzkik "jai garbiagoen aldeko" pausuak ematen jarraitzeko eskatu die herritarrei
Zapato Azularen ostean, «ondarrutarrek jai garbien alde pausuak ematen jarraitu» behar dutela azpimarratu du Ondarroako Eguzki talde ekologistak. Era berean, Zapato Azularen jaia antolatzen dutenak zoriondu nahi izan dituzte, aurten edalontzi berrerabilgarriak sustatzearren. «Aurtengo Zapato Azulean antolatzaileek 3.000 edalontzi berrerabilgarri atera dituzte, zamar gutxiago sortzeko. Erabaki hori hartzearren, antolatzaileak zoriondu nahi ditugu», azaldu dute.
Zapato Azuleko edalontzi berrerabilgarriak hainbat tokitan banatu ziren. Eguzkik edalontziak «egun guztian erabili ahal izateko» jende askok erosi zituela nabarmendu du. Horrenbestez, «ondorio positiboak» be ikusi zirela azpimarratu du talde ekologistak, «eguerdiko jaia amaitu eta gero, txosna inguruak garbi zeuden». Hala ere, leku askotan behin erabili eta botatzeko pastikozko edalontziak eman zituztela eta, jendeak edalontzi horietako asko lurrera bota zituela salatu nahi izan dute. «Plastikozko edalontziez gain, kristalezko edalontzi eta beirazko botila askok ere, lurrean amaitu zuten». Zapato Azularen biharamonean, herriak «itxura eskasa» esan dute, «zaborra nonahi ikus zitekeen». Horren guztiaren aurrean zera dio Eguzkik: «plastikoak eta beira lurrera botata baliabide naturalak alperrik galtzen ari gara, gure ingurua zikintzen eta kutsatzen. Zabor gutxiago sortu behar dugu».
Jai garbiago batzuen aldeko pausuak ematen jarraitu behar dela uste du Eguzkik. Hori dela eta, herritarrei, tabernariei eta udal ordezkariei hainbat eskari egin diete datorren urteko jaiari begira. Antolatzaileei datorren urtean edalontzi berrerabilgarri gehiago ateratzeko eskatzen diete. Izan ere, «edalontzi gabe geratu ziren tabernetako asko». Tabernariei behin bakarrik ibiltzeko plastikozko edalontziak ez banatzeko eskatu diete. Horrez gain, beirazko botilak eta kristalezko edalontziak ez ateratzeko ere eskatu dute. «Jendeak ez luke edalontzi edo kristalik lurrera bota behar. Udalak kalean kartelak eta informazioa ipini beharko lituzte, jendeari garbi jokatzeko eskatzen», gaineratu dute.