
Malen jaien aurretik
elikagaien bilketa berezia egingo du
Mutrikuko elikagaien bankuak. Bihar, etzi eta zapatuan, herriko 21 janari dendetan, arrandegietan, harategietan eta frutategietan janaria biltzeko kaxak ipinita egongo dira. «Lagundu nahi duen guztiak, denda horietara hurbildu eta bere laguntza ongietorria izango da. Kaxa horietan,
galtzen ez diren jakiak batuko ditugu; olioa, azukrea, esnea, garbantzuak, dilistak, arroza, pasta, kontserbak… », azaldu dute.
Janariaz gain, umeentzako pardel eta emakumeentzako konpresa falta dagoela azpimarratu dute elikagaien bankutik
Harategi, arrandegi eta frutategietan, ostera, itsulapikoak ipini dituzte. «Itsulapiko hauetan batzen den
diruarekin, herriko denda horietan beharrezkoak diren
jaki freskoak erosiko ditugu, ostean banatzeko», gaineratu dute. Horrez gain, herriko bi botiketan ere laguntza eman ahal izango da. «Umeentzako pardel falta, eta emakumeentzako konpresa faltan gaude. Hori dela eta, bi produktu horiek herriko botiketan batuko ditugu. Era berean, konpresak saltzen dituzten saltokietan, konpresa beharra dagoela jakinarazi dugu».
Hilaren 17an, hurrengo egunetan batuko dena,
herritarren artean banatuko dituzte komentuan duten lokalean. «Orain arte Mutrikuko herria oso eskuzabala izan da, eta Malenetan ere horrela izango dela uste dugu. Gabonetan, esate baterako, 2153 kilo janari batu genituen, eta orain ere 2000 kilo inguru jasotzeko itxaropena dugu. Festetan gaude, eta denok ere beti zer edo zer berezia jan izan dugu. Bestearen tokian ipiniz gero, gauza asko ulertuko genituzkeela uste dugu», esan dute elikagai bankutik.