Karmen jaiak barikuan hasi eta domekan amaituko dira Ondarroan. Urtero sasoi honetan egin modura,
ekimen guztiak Itsasaurren egingo dira. Aurten, aurreko urteetan egin ez modura,
Karmen jaiak aurreratzea eta Santiago jaietatik bereiztea erabaki dute Ondarroako Galizia Etxekoek. «Aurreko urtera arte, Karmen jaiak Santiago jaiekin batera ospatu izan ditugu. Baina, berez, gure jai egun handia Karmen eguna da. Egin izan ohi ditugun ekimenetako asko, prozesioa, esate baterako, Karmen jaietan egin ohi direnak dira. Beraz, garai batean egin ohi genuen bezala, Karmenak Santiagoetatik bereiztea erabaki dugu. Jai eguna aste barruan denez, asteburuan aurreratuta ospatuko ditugu. Nahi duen guztiari, Karmenak gurekin ospatzera gonbidatzen ditugu», esan dute jaiaren antolatzaileek.
Itsasaurren ipinitako txosnetan olagarroa, enpanada galegoa, Tetillako gazta eta Galiziako ardo tipikoak dastatu ahal izango dira
Datozen egunotan ospatuko diren Karmen jaietan ez da ekimenik faltako. Goizetik eguerdira bitartean,
Itsasaurren propio ipinitako txosnetan,
Galiziako produktu tipikoak dastatzeko aukera egongo da, egunero: olagarroa, enpanada galegoa, Tetillako gazta, eta Galiziako ardo tipikoak aukeran egongo dira, besteak beste. Bazkal aurreko uneak, ostera, musikak alaituko ditu. Galizian esaten duten bezala, hain zuzen ere, ‘sesion vermuth’ deritzona edukiko dute, «bazkal aurretik egiten den dantzaldia». Bazkal osteak ez ezik, iluntzeak eta afal osteak ere musikaz blai egongo dira datozen egunotan.

Horiekin batera,
ezin falta Galiziako folklorearen ezaugarria diren
gaitak eta dantzak. Euskal Herriko hainbat Galizia etxeetatik etorritako gaitariak eta dantzariak kalez kale ibiliko dira zapatuan eta domekan. Sestaotik, Masustegitik, Santurtzitik eta Laudiotik etorritakoak, hain zuzen ere. Ohiturekin jarraituz, zapatu gauean queimada mistikoa egingo dute Itsasaurren. «Buztinezko ontzi handi batean, 18 litro queimada inguru prestatzeko asmoa dugu. Konjuru eta erritual berezi eta guzti egingo dugu, gainera». Kanabera likorea, kafe garauak, limoi azala eta azukrea ondo nahastu eta horri sua eman ostean, edaria nahasten joaten dira queimada lortzeko. Bien bitartean, zorte ona erakartzeko konjuruak ere esango dira Itsasaurren.
Plaiko musturrean egiten ari diren beharrak direla eta, zapatu gauean ez da su artifizialik egongo
Aurten, lehenengo bidar, ez da su artifizialik egongo. «Su artifizialentzako dena prest genuen, baina bertan behera utzi behar izan ditugu. Plaiko musturrean egiten ari diren lanak direla eta, ezin izango dira aurten egin, ezinezkoa dela jakinarazi digute», gaineratu dute antolatzaileek.
Domeka, ostera, bereziriki
haurrei zuzenduriko jai eguna izango da. Hori dela eta, etxeko txikienek, jolasak, diskoteka eta eurei zuzendutako hainbat ekimen izango dituzte egun horretan. Horrez gain, arrantzaleen patroiaren omenezko eguna eguaztenean baldin bada ere, domekan egingo dituzte Karmen inguruko meza eta ospakizunak.
Meza ostean, esaterako,
itsasoan galdutako eta hildako arrantzaleei omenaldi xume bezain hunkigarria eskaintzeko tartea izango da. «Parrokia nagusian egindako mezaren ostean, elizatik irten, eta prozesioan alde zaharrerantz irtengo dugu. Han txalupetan sartu eta itsaso zabalera joango gara; itsasoan galdutako eta hildako arrantzale guztiei lore eskaintza eta omenaldia egingo diegu. Nahi duen guztiak, gurekin txaluparen baten etortzea edukiko du».
Jaiak musikarekin eta kantuan agurtuko dituzte Ondarroako Galizia Etxekoek. Hilaren 25ean, Santiago eguna ospatuko dute goi-goitik.
EGITARAUA
Barikua
- 11:00. Galiziako produktu tipikoen salmenta.
- 13:00. DJ Zirkinekin dantzaldia.
- 20:45. Orquesta de Nocheren emanaldia.
- 22:00. DJ Zirkin. Ordu txikiak arte, orkestra eta DJa tartekatzen joango dira.
Zapatua
- 11:00. Galiziako produktu tipikoen salmenta.
- Ordu berean. Gaitarien eta dantza taldeen arteko kalejira.
- 13:00. Orquesta de Noche taldearen emanaldia.
- 20:45. Orquesta de Noche taldearen emanaldia.
- 22:00. Duo Master-ekin dantzaldia. Ostean, ordu txikiak arte, Orquesta de Nocherekin tartekatzen joango dira.
- 23:00. Queimada.
Domeka
- 11:00. Galiziako produktu tipikoen salmenta.
- Ordu berean. Gaitarien eta dantza taldeen arteko kalejira.
- 12:00. Meza.
- Meza ostean. Prozesioa. Itsasoan galdutako eta hildako arrantzaleei lore eskaintza.
- 13:00. Duo Master-ekin dantzaldia.
- 14:00. Agintarientzako luncha.
- 17:00. Umeentzako animazioa, Smile animacion-en eskutik.
- 19:00. DJ Zirkinen eskutik, umeentzako diskoteka.
- 20:45. Duo Master.
- 22:00. DJ Zirkin.