Aurten galdutako kuota berreskuratu ahal izango dute
2015ean antxoa arrantzatzen duten euskal arrantzaleek.
Europako Batzordeak 20.100 tonako kuota proposatu du aurtengo uztailaren 1etik 2015eko ekainaren 30era arte,
aurtengo ekainean bukatu den
kosteran baino %18 gehiago, eta 2012ko kuotaren parekoa.
Onartutako Guztizko Arrantza
hiru mila tona igotzeko proposamena egin zien eguaztenean EBko ministroei Maria Damanaki jarduneko Arrantza komisarioak; hurrengo asteotan hartuko dute erabakia. Azterketa zientifikoek antxoa kopurua handitu dela esan ondoren igo du muga Bruselak.
Hain zuzen ere,
AZTI-Tecnaliak ekainaren amaieran
zabaldutako txostenaren arabera, 85.000 tonako biomasa zegoen
Bizkaiko golkoan, urtebete lehenago baino %58 gehiago. 2005etik 2009ra ez zen antxoarik arrantzatu, biomasa 21.000 tonako mugatik behera egon zelako. 2010ean ireki zuten berriro, 7.000 tona arrantzatzeko baimenarekin, eta 17.100 tona izan dituzte aurten.