Esklerosi anizkoitzari aurre egiteko igeri egingo dute asteburuan
Hamazazpigarrenez, esklerosi anizkoitzaren aurkako Busti Zaitez ekimena egingo dute domekan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat hondartza eta igerilekutan; horien artean, Lea-Artibaiko hainbat txokotan. Mutrikun, berriz, zapatuan egingo dute bat ekimenagaz.
Hain zuzen, Lekeitiok, Markina-Xemeinek, Ondarroak eta Mutrikuk egingo dute bat Eugenia Epalza Esklerosi Anizkoitza Euskal Fundazioak antolatutako ekimenagaz.
Bizi kalitatea hobetzea xede
Busti zaitez ekimenaren helburua «gaixotasun sendaezin horrek sortarazten duen arazoa gizarteari jakinaraztea eta sentsibilizatzea» da, baita gaixoek bizi kalitatea hobetzeko dituzten errehabilitazio zerbitzuak finantziatzeko dirua lortzea ere. Hori horrela, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako portu, igerileku zein hondartzetan gaixotasunaren inguruko informazioa emateko postuak jarriko dituzte asteburuan; horrez gain, errehabilitazio zerbitzuak finantzatzeko materiala saltzen egongo dira aipatu egun eta tokietan.
EGITARAUA
UZTAILAK 12, ZAPATUA
Mutriku. 12:00etan, itsasoko igerilekuan, Waterpolokoak geldialdia egingo dute igerian egiteko gaixoen alde. Horrez gain, 10:00etatik eguerdira bitartean, materiala saltzeko eta informazioa eskaintzeko mahaia ipiniko dute leku berean.
UZTAILAK 13, DOMEKA
Lekeitio. 10:00etatik eguerdira, materiala saltzeko eta informazioa eskaintzeko mahai bat jarriko dute, Isuntza hondartzan.
Markina-Xemein. 10:00etatik eguerdira, Atxondo kiroldegian, gaixoen alde igeri egingo dute.
Ondarroa. Alameda ondoko eskaileretan, materiala saltzeko eta informazioa eskaintzeko mahai bat jarriko dute 10:00etatik aurrera.