
Castillo Suarezen
Zerua berun izan zen ipuin irabazlea, eta orain testu horretan oinarritutako ilustrazioa aukeratu dute. Uztailaren 10ean batu zen epaimahaia: Borja Bujan Garabat galeriako arduraduna, Mari Eli Ituarte Markina-Xemeingo ordezkari lanetan eta Ima Mendiola Ibaizabal argitaletxearen ordezkari bezala.
Epaimahaiaren ustez Maiteri Mutuberriaren proposamena oso aberatza da. “Ez du dena puntuz puntu kontatzen, aberastu egiten du testua. Hori da, hain zuzen, album ilustratu baten bereizgarria: istorio bakar bat bi modutara kontatzen da, elkarren laguntza duten bi lengoaia edo hizkuntzatan: hitzezkoa bata, irudien bidezkoa, bestea. Album bat ez da testu bat ilustratzea bakarrik, testuak ilustrazioa aberastu behar du eta ilustrazioak testua azaldu, aberastu, jantzi eta haratago eraman”, azaldu dute epaimahaikoek.
Guztira 22 proposamen aurkeztu dira, Euskal Herritik gehienak baina izan dituzte proposamenak kanpotik ere, Barcelona eta A Coruñatik ere heldu zaizkie lanak esate baterako. “Kalitate maila oso altua izan da orokorrean”, adierazi dute antolatzaileek.