Musika zaleek
hitzordu garrantzitsu bi izango dituzte Karmen jaien harira,
Xemein Abesbatzaren eskutik datorren formatu handiko Xemeingo Gaua
eta Emeki Koralak Mertzedeko elizaren babesean eskainiko duen
kontzertu goxoa.
Xemeingo plazak Xemeingo Gaua hartuko du zapatu gauean hirugarren urtez. Herriko bederatzi taldek parte hartuko dute aurten emanaldi berezian, herritik mundura egindako bidaian: Xemein Abesbatzak, Markina-Xemeingo Gazte Ahots Abesbatzak, Markina-Xemeingo Musika Bandak, Saloi Dantza Taldeak, Abarka antzerki taldeak, Zerutxu dantza taldeak, Markina-Xemeingo Bertso Eskolak, Markina-Xemeingo Txalapartariak eta Martin Alberdi pianojoleak.

Talde guzti horiek bat eginez,
antzerkia, musika, dantza, bertsoak, eta txalaparta uztartuko dituzte bi zatitan banatuko den ikuskizunean. Herritik irten eta Erdialdeko Amerika eta Ipar Amerikatik ibiliko da markina-xemeindar bat. Cuba, Mexiko, Peru eta Argentina bisitatuko ditu eta herrialde horietan jendea ezagutuko du. Bidaia amaituta, Euskal Herrira bueltatuko da eta bertako kulturagaz egingo du topa, bai eta jai eta lagunekin ere.
Ikuskizuna
22:30ean hasiko da.
Mertzedeko elizan
Karmen bezperetan ohitura duten moduan, kontzertua eskainiko du
Emeki Koralak Mertzedeko elizan.
Venezuela, Kuba, Euskal Herria eta kanta ingeles batzuekin programa berezia osatu dute, ordu bete inguruan entzuleak «gustura» sentiarazteko helburuagaz. Melodiak gainera, koreografiekin osatu dituzte eta ikuskizuna borobiltzeko dekoratu berezia prestatu diote emanaldiari.
11 kantu abestuko dituzte guztira, batzuk pianoan laguntzen izango duten Antxon Sarasua musikariak berak konposatuak. «Seigarren kontzertua izango da eta oso pozik gaude», azpimarratu du Yolanda Loira Emeki Koraleko zuzendariak. «Geldika-geldika hazten goaz eta aurtengo kurtsoan partaide berriak ere baditugu», azaldu du.
Emeki Koralagaz gozatzeko hitzordua 22:00etan izango da, astelehenean. «Gurekin batera gozatzera gonbidatzen ditugu herritarrak», esan dute.