
Lekitto Musika Bandak eta Miren Narbaiza eibartar kantariak egingo dute emanaldia Urtzi Iriondoren zuzendaritzapean. Independentzia plazan egingo dute 23:00etatik aurrera. Kontzertuak bi parte izango ditu. Lehenengo, bandaren ohiko egitarauko kantuak joko dituzte, tartean musika klasiko, swing eta Brasil inguruko doinuak. Ondoren, ezagunak diren euskal kantak izango dira entzungai.
Lekitto musika bandak bost urteko ibilbideari amaiera emango dio barikuko saioarekin. Hala, Band abizeneko proiektua behar bezala borobilduko dute. Izan ere, 2010eko uztailean Bertso Band emanaldiarekin ekin zioten proiektuari Amets Arzallus eta Jon Maiarekin elkarlanean. Gero, Ttakun Band saioa egin zuten hurrengo urtean Oreka Tx-eko kideekin. Orduan, Mikel Laboari leku berezia egin zioten.
2012an bestalde, Delirium T.Band sortu zuten Delirium Tremens talde ezagunaren kantekin osatuta eta Andoni Basterretxearen gitarraz eta ahotsez lagunduta. Iaz Asier Uskola, Eneko Alcatraz eta Andoni Aresti dantzariekin batera Dantza Band aurkeztu zuten eta Miren Agur Meaberen poesiekin uztartu zuten saioa.