Ibon Iparragirre Burgoa preso politiko ondarrutarrak
14 egun isolamenduan eman ostean,
Navalcarneroko (Espainia) kartzelako erizaindegian da bueltan, berriro. Bere senideen esanetan, gainera, isolamendutik ateratzeak hobeto egin dio Iparragirreri.
Aurreko astean hotzikarekin egon ostean, bere
osasun egoera, momentu honetan
“egonkorra” dela ere azpimarratu dute preso ondarrutarraren senideek. Iparragirrek aurreko barikuan eduki zuen familiagaz aurrez aurreko bisita. «Ez du hotzikararik eta hobeto aurkitu genuen; zentratuta. Bisita polita eta hunkigarria izan zen. Herenegun gauean Ibonek berak telefonoz etxera ere deitu zidan, ete
berbetan ilusio gehiago zuela nabaritu nion. Nahiko trankil sumatzen zen. Hori horrela izanda, gu ere zer edo zer lasaitu egin gara», azaldu du Iparragirreren ama Angelita Burgoak. Hurrengo aurrez aurreko bisita etzi, zapatua, izango du Iparragirrek.
Uztailaren 22an egingo dioten erresonantzia magnetikoaren emaitza “erabakiorra” dela uste dute Iparragirreren senideek
Bestalde, datorren astean, uztailaren 22an, Ibon Iparragirreri erresonantzia magnetikoa egin behar diote ospitalean. Bere senideak proba hori egiteko zain daude, etxeratzeko «erabakiorra» izan daitekeela uste dutelako. Datorren martitzenean
erresonantzia egin ostean, bere osasun egoera zelakoa den baloratu ahal izango dute bere kasua jarraitzen ari diren sendagileek, eta horren arabera, espetxe zuzendaritzako kideek erabaki bat edo beste hartu ahal izango dutela uste da.
Era berean, Iparra Galdu Baik plataformak deituta, uztailean egingo diren ekimenen barruan,
zapatuan 12:30ean, Ibon Etxera ekartzeko eskatuko duen argazki erraldoia aterako dute Arrigorri
hondartza gaineko begiralekuan. Argazkia atera ostean,
plai musturrean elkarretaratzea egiteko asmoa azaldu du plataformak.