
Suhiltzaileak liztorrak kentzen
Atzo iluntzean [uztailak 15]
asiako liztorren habia bat agertu zan Ondarroako San Inazio kalean. Hain zuzen ere, liztorrek
San Inazio kaleko 38 atariko etxearen
teilatupean habia eginda zuten, eta horrenbestez, suhiltzaileak etorri behar izan ziren liztorrak hil eta uxatzera.
Liztorretako bat aurrean dagoen
Zamora tabernan agertu zen arratsaldean. “Taberna barruan liztor bat sartu zitzaigun, eta berau harrapatu eta hil genuenean asiako liztorra zela konturatu ginen. Gerokoan, aurrean dagoen eraikinaren teilatupean liztor habia bat zegoela konturatu ginen, eta horrenbestez, udaltzainei deitzea erabaki genuen”, azaldu dute San Inazio kalean dagoen Zamora tabernako jabeek.

Ondarroako
udaltzainek 18:00ak inguruan jaso zuten Zamora tabernekoen deia. “San Inazio kaleko 38ko teilatu azpian asiako liztorrak agertu zirela deitu ziguten”, azaldu dute Ondarroako Udaltzaingotik. Handik gutxira bi udaltzain joan ziren Zamora aurrera. Bertatik, suhiltzaileei deitu zitzaien, liztorrak kentzera etortzeko. “
20:00etan heldu ziren suhiltzaileak, eta habia desegin ostean, 20:20an, suhiltzaileak alde egin zuten”, gaineratu dute udaltzainek.
Atzo iluntzeko gertaerak
ikusmin handia sortu zuen San Inazio kalean. Hori dela eta, jende pila batu zen inguruetan zer gertatzen zen jakin nahiaz. Bestalde, bertan bizi diren auzotarrei etxeetako eta negozioetako leihoak ixteko eskatu zieten suhiltzaileek. Habia kendu bazuten ere, gaur, oraindik ere, liztorren bat edo beste kalean dabiltzala azaldu dute auzotarrek.