
“Euskararen erabileraren onerako, eta euskararen ikerketa-lanean laguntzeko” lankidetza hitzarmena sinatu dute Markina-Xemeingo
Karmel aldizkariak eta Euskaltzaindiak, hiru urterako. Hitzarmena sinatzeaz gain, Andres Urrutia euskaltzainburuak lankidetzaren emaitzak euskal gizartearen esku “lehenbailehen” jartzeko premia azpimarratu zuen.
Hitzarmena sinatuta,
Karmel aldizkariaren eta Euskaltzaindiaren arteko elkarlana sustatuko da, euskarari eta euskal kulturaren normalizazioari buruzko poriektu partekatuak gauzatzeko. “Euskararen jakitea, erabilera zein haren aldeko sustapenaren ikerketa, dibulgazioa eta sentiberatzea izango dira, batez ere, bi erakundeon arteko hitzarmenaren xede nagusiak”, jakin eragin dute Euskaltzaindiako ordezkariek.
Hitzarmena Julen Urkiza
Karmel aldizkariko zuzendariak eta Urrutiak sinatu zuten. Eurekin batera egon ziren Xabier Kintana Euskaltzaindiako idazkaria eta Karmel aldizkarian parte hartzen duten hainbat idazle: Patxi Uribarren, Luis Baraiazarra, Pilare, Baraiazarra, Juan Luis Goikoetxea, Javier Arrieta eta Lorea Akaiturri.

Hitzarmenari esker, Euskaltzaindiak garatzen diharduen Lexikoaren Behatokia izeneko egitasmoa elikatzeko asmoz,
Karmel aldizkariaren euskarazko testu-masa Akademiaren eskuetan jarriko da. “Testu-masa hori Hiztegi Batuan egin behar diren azterlanak egiteko ere erabil dezake Euskaltzaindiak”.
Beste alde batetik, hitzarmenagaz, Euskaltzaindiak
Karmel aldizkariak egindako kontsultei (euskal lexikoaz, gramatikaz, onomastikaz, ortografiaz eta erabileraren ingurukoak) erantzuteko konpromisoa hartu du. Halaber, bi erakundeek publikatzen dituzten argitalpenak elkarren artean trukatzeko adostasuna erakutsi dute. “Argitalpen egitasmoak ere partekatuko dituzte”.
Azkenik, Euskaltzaindiak egoitza nahiz azpiegitura erabiltzeko aukera eskaini dio
Karmel aldizkariari, adosten dituzten ekintzetan erabiltzeko.
Helburu horiek lortzeko eta jarraipena egiteko, astekariak eta Euskaltzaindiak batzorde teknikoa osatuko dute. Horretan, erakunde bakoitzeko bina kide egongo dira.