Herriko baserrietan eta etxeetan antzina erabiltzen zituzten lanabesen inguruko ikerketa egiteko beka da. Horiek dokumentatu eta sailkatu beharko ditu beka jasotzen duenak. Bakarrik nahiz lantaldean egin ahalko da ikerketa.
Beka deialdia Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hogei eguneko epea izango dute interesatuek eskaria egiteko. Halaber, eskatutako zerbait betetzen ez duten eskabideak eta agiriak jasoz gero, hamar eguneko epea egongo da akatsak zuzentzeko edota behar diren agiriak aurkezteko.
3.000 euroko diru-zenbatekoa jasoko du aukeratuak, eta lau hilabete izango ditu ikerketa egiteko. Hala ere, Udalak epea luzatzea baimendu lezake horretarako arrazoirik badela uste badu.
Eskaerak Udaleko kultura batzordera
Eskatzaileek ikerketa edo antzeko bilketa lanetan esperientzia izan behar dute, edota Historia, Antropologia, Soziologia, Euskal Filologia zein Kazetaritza ikasketak eginak edo azken kurtsoa egiten egon beharko dute. Eskaria Udaleko Kultura Sailean aurkeztu behar dute, eta beharrezko dokumentazioa Udalera bidali beharko dute postaz. Eskarian ohiko dokumentazioa jasota agertu behar da: Curriculun Vitae-a, espediente akademiko osoa, NAN edo baliokidea eta ikerketa zelan egingo den zehazten duen memoria.
Baserri munduarekin lotura zuzena izatea, edo ondo ezagutzea ezinbestekoa izango da. Baita adineko pertsonekin harremanak izateko gaitasuna ere. Gidabaimena eta auto propioa izatea ere beharrezkoa izango da. Eta errementaritzako eta arotzeriako antzinako lanabesak ezagutzea eta bideo grabaketak egiten jakitea baloratuko dute.
Ikerketa euskaraz aurkeztu behar da euskarri informatikoan, eta, laburpena elebitan, euskaraz eta gaztelaniaz. Horrekin batera, lanaren eta laburpenaren kopia bana inprimatuta entregatu beharko du beka jasoko duenak. Era berean aurretik, hilero egindako lanaren inguruko informazioa eta azalpenak eman beharko dizkio Udalari. Aldaketaren bat egitean ere Udalari jakinarazi beharko zaio, eta Udaleko ordezkariek emandako proposamenak, prozedurak eta metodologiak jarraitu beharko ditu.
Beka norgehiagoka bidez emango da; alkateak esleituko du epaimahai kideen proposamena jaso ostean. Ikerketa lanaren jabea egilea izango da, baina, Udalak haren argitalpen osoa edo zatikakoa egiteko eskubidea izango du.