https://www.youtube.com/watch?v=yq-LAeBQ-as&feature=youtu.be
Malen Egun handiaren ostean, gaur, Malen Txiki Egunak herriko haurrak eta gaztetxoak eguneko protagonista bihurtu ditu. 11:30ean puntuan, hiru etxafuego bota dira udaletxe ingurutik, eta jendea, pixkanaka Goiko Plazara erraldoiak eta buruhandiak bertatik bertara ikusi eta haiekin kalejiran hasteko gerturatzen hasi da. Umeetako batzuk, erraldoiak gertutik ikusi dituztenean, zertxobait beldurtu egin dira, baina gehienak pozik gerturatu dira herriko lau erraldoiei musu eman eta ukitzera.
Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza
Lea-Artibai eta Mutriku
Malen Egun handiaren ostean, gaur, Malen Txiki Egunak herriko haurrak eta gaztetxoak eguneko protagonista bihurtu ditu. 11:30ean puntuan, hiru etxafuego bota dira udaletxe ingurutik, eta jendea, pixkanaka Goiko Plazara erraldoiak eta buruhandiak bertatik bertara ikusi eta haiekin kalejiran hasteko gerturatzen hasi da. Umeetako batzuk, erraldoiak gertutik ikusi dituztenean, zertxobait beldurtu egin dira, baina gehienak pozik gerturatu dira herriko lau erraldoiei musu eman eta ukitzera.
Handik gutxira, herriko txistulariei jarraituz, herriko kale malkartsuetan gora eta behera, kalejiran joan dira erraldoi zein buruhandiak, herritarrak atzetik zituztelarik. Lehen geldialdia Beheko Plazan egin dute, eta han dantzan aritu dira erraldoi handiak euren gonak lau haizetara astinduz. Bien bitartean, herriko buruhandiak jendearen atzetik ibili dira euren puxikak eskuetan zituztela. Batzuk, korrika batean ihesi ibili dira puxikekin ez jotzeko, baina beste batzuk barre algara artean jaso dituzte buruhandien kolpe “goxoak”. Alde zaharreko hainbat kaleetan barrena ibili ostean, erraldoiak eta buruhandiak udaletxe inguruetara bueltatu dira atseden hartzera.
Eguerdiko hitzordua heldu orduko, berriz, Gure Ametsa dantza taldeko kideak, herriko txistulariak aurretik zituztela, kalejiran etorri dira Goiko Plazara. Neska zein mutil, pozik sartu dira Goiko Plazara. Han, herritar piloa dantza emanaldia ikusteko irrikitan zegoen. Jendea, tokirik onenak gerizpearen babesean hartuta, dantzariak ikusteko zain egon da. Izan ere, atzo bezala, gaur ere sekulako beroa egin du eguerdian; jende guztia eguzkiaren berotik ihesean ibili da, freskotasunaren bila.
Gure Ametsa dantza taldeko gazteek hainbeste dantza eskaini dituzte; Agintari, Agurra, Txulalai, EriƱo batez, Txankarrenko, Makil txiki, Banako, Arku dantza, Polka, Bizkaiko zinta dantza, besteak beste. Goiko Plazan batu diren ikusleek ordainetan txalo zaparrada artean hartu dituzte dantzari gazteak.
Dantzak amaitu bezain pronto, gaztetxoetako asko zain egon den momentua iritsi da. Goiko Plaza, minutu gutxitan, bat-bateko zezen plaza txikia bihurtu da. Udaletxearen aldamenean zegoen kamioi txikitik Mutrikuko Arno ganadutegiko zezen txikiak ateratzen hasi dira, eta herriko gaztetxoak pozarren ibili dira haiekin sokamutur txikia egiten.
Hiru bat hilabeteko sei zezen txiki atera dira Goiko Plazara, eta hesiaren barruan sokamuturrean parte hartzera ausartu diren gaztetxoetako batzuk harrapatzea lortu dute animali gazteek. Bestelakoan, zezentxoen burukadak ondo saihestea lortu dute gazte gehienek. Bien bitartean, zezen txikiak irristaka ibili dira Goiko Plazako behegainean, eta animaliek kolperen bat edo beste ere eraman dute.
Zezen txikien aurrean momentu zirraragarriak pasa ondoren, pottoken txanda izan da. Aukeran, bost pottoka egon dira, eta hainbeste haurrek paseatu nahi izan dute animalien gainean. Sekulako ilarak sortu dira, izan ere, guztiek nahi zuten pottoken gainean bueltaxka eman eta argazkia ateratzea. Batzuk pozik joan dira animalien gainean, baina pottokekin beldurtu eta plazari malko artean buelta eman dionik ere egon da, tartean tarteko.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.