
Aitzol Etxaburuk senitarteko eta lagunen babesa jaso zuen urtarrilean Parisen izan zuen epaiketan
Aitzol Etxaburu Artetxe preso politiko ondarrutarra
Espainiaratuko dutela agertu dute haren senideek. Aitzol Etxaburu Fleury-Merogis (Frantzia) kartzelan dago, behin-behineko espetxealdian, 2009ko abuztuan Alpeetan atxilotu zutenetik. “Bihar eguerdian estraditatuko dutela esan digute, baina ez dugu informazio zehatzik”, azaldu dute.
Madrilera eroango dute ondarrutarra, eta senitartekoen ustean, Soto del Realeko kartzelara ekarriko dute, “ohikoena, estraditatzen dituzten presoak bertara ekartzen dituztelako”, gaineratu dute. Era berean, Aitzol Etxaburu estraditatu eta kartzeleratzen den momentuan, bere abokatuak berarekin hitz egitera joateko asmoa du. “Horrenbestez, abokatua Aitzolekin egon ostean, informazio gehiago ere izango dugula ere uste dugu”.
Espainiako Auzitegi Nazionalak bi euroagindu eskari dauzka eginak Etxabururen kontra Madrilen epaitzeko, ETArekiko lotura eta atentatu batzuk burutu izana egotzita, eta
etzi euroagindu horietako baten inguruko deklarazioa egin beharko du preso ondarrutarrak. Bestalde, eta haren senideek jakinarazi dutenez,
beranduen jota, urriaren 15erako Fleury Merogis-eko (Frantzia) kartzelan bueltan egon beharko luke Etxaburuk. “Ez dakigu noiz arte edukiko duten Aitzol Espainiako kartzelaren batean, baina, berez, urriaren 15erako bueltan egon beharra duela esan digute. Oraindik informazio gutxi dugu, beraz ez dakigu egun batzuk edota aste batzuk egingo dituen”.